M.A.
DONOSTIA

Gastronomy Open Ecosystem eraikitzeko lanek urtebete

Basque Culinary Centerren bigarren egoitzaren eraikuntza lanak abian dira Grosen. Urtebetean egitura altxa dute, baina aukeratutako lekuak hautsak harrotzen jarraitzen du.

Gros auzoko eraikuntza berria, aste honetan ateratako argazkian.
Gros auzoko eraikuntza berria, aste honetan ateratako argazkian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Iazko urte amaieran sartu ziren makinak Manteo-Zemoria parkeko lurretan Gastronomy Open Ecosystem (GOe) altxatzeko lanei heltzeko. Data bertsuan, 2023ko azken asteburuan, proiektuaren aurka sortutako SOS Manteo taldeak eta Uliatarra Uliako auzo elkarteak deituta, herri galdeketa bat aurrera eraman zuten. 6.948 herritarrek parte hartu zuten eta %96,53ak eraikinaren aurka bozka eman zuen. Emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zizkioten urtarrilaren 8an, obrak hastea aurreikusita zegoen egunean, eta Donostiako Udalari, hurrengo egunean.

Era berean, salaketa bat ere aurkeztu zuten Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren aurrean gunean kutsatutako lurrak egon daitezkeelakoan. Lanak aipatu egunean abiatu ez bazituzten ere, azarotik orubean zegoen lurra zulatzeko hondeamakinak ustez zundaketa geoteknikoak burutu zituen, eremuan amiantoa edo bestelako kutsagairik baden ikusteko. Emaitzen berri ofizialki eman gabe, ordea, lurrak mugitzen hasi zirela ohartarazi zuten bizilagunek, «berme egokirik gabe» eta «osasun publikoko arazo bat sortzen ari ote den aintzat hartu gabe».

Egun gutxira, SOS Manteok «txikizioa» martxan zela jakinarazi zuen, zuhaitzak moztu eta kamioietan eramaten ari baitziren. Nahiz eta Amenabar-BCCk Okendon egindako bilera informatiboan Nafarroa etorbideko espaloiko zuhaitzak ez zituztela ukituko baieztatu, segurtasun arrazoiengatik hemezortzi arbola moztea erabaki zuen udalak, egoera txarrean zeudela argudiatuta.

BABES ESKAERA

Horri erantzunez, auzo elkarteak deituta, manifestazioa egin zuten eta hainbat herritar lan eremuan sartu ziren proiektuaren aurka protestatzeko, baita gauza bera egin ere, hurrengo eguneko udalbatzarrean.

Bi hilabete geroago, martxoaren 22an, ezagutzera eman zuten “GOe: ekosistema batere jasangarri bat” manifestuari babesa adierazi ziotela hainbat arlotako 114 profesionalek, tartean, 58 ikertzaile -UPV/EHU, Basque Center for Climate Change eta beste ikerketa zentro batzuetakoak-, arkitektoak, paisajistak, ingurumen teknikariak, geografoak edo ingeniariak.

Idatziak Manteoko proiektua alboratu eta parte hartze prozesu bat abiarazi zezan eskatzen zien erakundeei, Gros auzoko gune hori babesteko. Izan ere, eraikinak auzoko berdegune bakarrenetakoan 50 urtetik gorako ehun zuhaitzen mozketa eta belar zabalgunearen suntsipena baitakar eta «gentrifikazioa eta turistifikazioa» areagotu besterik ez duela egingo uste baitute.

Lau egun geroago, kazetarien galderei erantzunez, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak adierazi zuen bizilagunen iritzia kontuan hartu zutela eraikin berriaren diseinutik beretik, proiektua «herritarrek eta herritarrentzat egina» dela, eta bai auzoari bai hiriari ekarpen handia egin dakiokeena.

«Hitz egiteko ateak zabalik ditugu. Proiektua gustatzen ez zaien bizilagunak badaude, momentuz ezer gutxi egin dezakegu. Baina etorkizunean iritziz aldatzea espero dugu, eraikuntzak auzoari egingo dion ekarpena ikusten denean», azaldu zuen.

ALEGAZIOEI ERANTZUNIK EZ

Uztailean SOS Manteok Atotxako epaitegi aurrean protesta egin zuten EAEko Auzitegi Gorenak gaia ebazteko atzerapena gaitzesteko. Urtebete lehenago, orubearen lagapena onartu bezperan, Uliako bizilagunen elkarteak errekurtso judiziala aurkeztu zuen hura ahalbidetuko zuen Udalaren plan urbanistikoaren kontra. Taldearen arabera, urrats hori egin zuten «milaka alegaziori erantzun gabe» lizentzia emanez eta «Groseko zuhaizti bakarra suntsituz, hondartzatik 150 metrora eta diru publikoarekin».

28 milioi euroko kostua du obrak, horietatik Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 26 jarriko dituzte eta udalak 60 milioi euroko balio duen lursail publiko bat utziko dio 75 urtez entitate pribatu bati.

Irailean fase berri batean sartu ziren lanak eraikinaren egitura altxatzen hasita. 2025eko apirilerako zabaltzea aurreikusita bazegoen ere, data udazkenera atzeratu dute.