Bisita gidatua Mendietxen, Alex Txikonekin batera
Azpeitian kokatuta dagoen Mendietxe Museoko ateak zabaldu dizkiote NAIZ Irratiari, goi mailako alpinismoaren lehena eta oraina jasotzen duen museoa lehen eskutik ezagutzeko, luxuzko gidari baten eskutik: negu honetan Annapurna igotzea helburu duen Alex Txikon alpinista lemoarra.

Lasaiak izan ohi dira Eguberrietako egunak, baita informazioaren ikuspegitik ere. Tenore egokia, beraz, ohiko markotik atera eta eduki bereziak eskaintzeko. Irrati bidez egindako bisita gidatu bat zen NAIZ Irratiak bere entzuleei eskaini nahi zien eduki berezia, Azpeitian duela pare bat hilabete mendizaletasunaren historiari buruzko baliabide didaktiko eta dibulgatzaile gisa ireki zuten Mendietxe Museoan zehar. XIX. mendeko eraikin hau Izarraizko Parke Naturalaren bihotzean dago, Jesusen Bihotzaren Esklaboen komentu zaharrean.
«Zer topatuko dugu? Zerbait ezberdina, nire ustez, maitasun askorekin landuta dago», azaldu du Txikonek, Mendietxeko sarreran bertan. «20 urteko lana dago hemen. Ez bakarrik nirea, talde bat osatu genuen. Bata da espezialista mendiko eskietan, bestea autobabeserako gailuetan, bestea pioletetan... eta taldea handituz doa», gaineratu du.
Himalaian espero zuen NAIZ Irratiak Txikon, aklimatazio lanetan, Annapurnak suposatzen duen erronkarako prestatzen. Kasualitatearen ondorio izan, ala zoriarena, eta alpinista bizkaitarrak espedizioan egindako etenalditxoak bat egin zuen kronika honen prestaketarekin -«ez dut inoiz hau egin; hau da, espedizio baten erdian etxera bueltatu», aitortu zigun-, eta museoko atarian prestutasun osoz agertu zen. Luxuzko gidari bat, beraz, Mendietxe Museoa lehen pertsonan ezagutzeko.
LAN OSO METODIKOA
«Herrirako etorri den proiektu» honen sarrerak Himalaia kutsu nabarmena du, Tibet, Butan edo Nepalen hain ohikoak diren banderatxoak ikus daitezkeelako. Hainbat espaziotan banatzen da Mendietxe Museoa. Sartu eta berehala, hainbat espediziotan erabilitako materiala aurkituko du bisitariak, eta baita bidea egiten hasi zen Lagun Onak mendi bazkunari merezitako keinua ere.
Lan metodikoaren ondorio ere bada Mendietxe. «Orain, adibidez, Namche Bazaarretik (Nepal) 1953. urteko espedizio bateko polaina bat ekarri dut, «mail runner»-a zena. Espedizio horretan lau «mail runner» egon ziren, bai gora bai behera gutunak eramaten zituztenak. Ikerkuntza prozesu bat da. Zalantzak baditugu pieza batekin, ez da gure intereserako», aitortu du Txikonek.
Neguko espedizioko materiala, Txikonen ekipamenduak eta arropak ere aurki daitezke, Manasluko tontorrera igo ziren bi piolet ere badaude, oxigeno bonbonak... Grabatu handi batean, Pasang Thembaren marrazkia dago, Maitane Azurmendik egindakoa, Pasangen sinadurarekin batera.
Bigarren eremu batean, 1780. urtekoak diren eskiak aurki daitezke; eta ondoan arrauna -edo makila-, «1890. urtera arte arraun soil batekin eskiatzen baitzen», aipatu du. Hauekin batera, zakur tiroko lera bat ere badago, baita kanpin-dendak edota 1963an Frantzian fabrikatutako eta 1991n erretiratutako teleferikoko kabina horietako bat ere.
HISTORIA ETA ZERUA
Alex Txikonek historiarekiko duen interesa aitzakia izanda, I. eta II. Mundu Gerrako zenbait elementu ere biltzen dira; hala nola armada naziaren ekipamenduko termoak, kantinplorak, betaurrekoak, eskularruak, kaskoak, pioletak... Museoaren azken espazioan Himalaian hain ohikoa den ibexa eta altuera horietan aurki daitezkeen beste animalia batzuen figurak ikus daitezke, baina gela txiki batek gordetzen du hunkigarrien suertatzen den zatia: sabai bat eskaileraz eta motxilaz betea. Aski ongi irudikatzen du honek alpinista batek zerutzat duena. Mendiak aukera hori ematen duelako, zerutik gertu egotekoa, baina mendiak, eman bezala, kendu ere egiten du: «Lagun asko falta dira hemen. Zoritxarrez, zerrenda amaiezina da. Gela honetan historia asko dago».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
