Egutegi berria, orriak zuriz beteta
Trantsizio sasoia da egunotakoa, joanean den urteko normalkeriatik etorrian den urteko normalkeriarako igarobidea, gehiegizko normalkeriako egunetatik igarotzekoa. Hormako eta mahai gaineko egutegiak aldatzeko egunak. Orri asko ustezkoz eta ezustekoz beteta dituen egutegi zaharra kendu eta orri guztiak zuriz beteta dituen berria ipini. Eta aurten ere sasoiko galdera buruari: zer egin egutegi zaharrarekin? Izkinako birziklatze ontzira bildu? Beldur naiz horrela eginda ezusteko gaiztoak ez ote diren han-hor errepikatuko urte berrian. Erretzea hobe akaso? Argi dagoena da egutegi berriak zurian dakartzala orriak, nork bere ekimenez egunero betetzekoak, eta kolektiboan eginda askoz hobeto... azken batez, etorkizuna ez dago gaur idatzita, espazio librea da nork bere bideak ibiltzekoa, eta kolektiboan bada, hobeto.
Trantsizio sasoia bai, baina antzua gabonetan. Energetikoak itxaron beharko du gabonak pasatu arte sikiera! Ama, ama! Ez dago unibertso zer horretan planeta honetako munduetako gabonetako kontsumokeria argitzeko behar besteko energia eskaini dezakeen eguzkirik. Transgenikoa balitz ere! Kontraeginek bizi gaituzte, kontraesanek baino! Gure poetak kantatu legez: ez gara hain onak benetan!
Egunen segidan baina urte-zenbakiaren aldaketan ari garen honetan, burutik ezin kendurik nabil gazatarrek zelan bizi duten inuzente eguna, eta urteen arteko denbora-zerrenda bera. Gaza-eskubideak gizaki guztiontzat! Han, hor eta hemen! Eskubideak, bai, esku horretan idatzi bezala Sorioneku izateko. Izateko eskubidea! Eta ertzain bati euskaraz egiteagatik ez ditzaten bost itzultzaile furgoneta betean bidali! Egutegi bete lan dugu aurretik. Keriak tasun bihurtu eta batzuen oraingo tasunak egutegi zaharrean uzteko, iragan. Trantsizio emankorra.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
