Euskadikotik Euskal Herrikora. Hiru apunte
Ez dugu erraz ahaztuko 2024ko abenduaren 28 hau. Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioak hartu duen erabakiaren ondorioz, euskal pilotarako, euskal pilotarietarako, eta, orokorrean ere, Euskal Herrirako ireki diren aukerak ikaragarriak baitira; hortaz, argi esan behar dugu egun historikoa izan dela.
Erabakia digeritzeko astirik gabe, hiru apunte agertu nahi ditut:
1. Bihoazkie, aurrena, esker eta goresmen bereziak hamarkadatan euskal selekzioaren aldeko ekimenak sustatzen eta iritzia zabaltzen aritu diren herritar eta kirolari nekaezin guztiei, eta bereziki, euren kirol proiekzioa kolokan jarriz Espainiako eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin dioten euskal pilotari intsumisoei, tanto handi hau eurena izan baita.
2. Euskadiko Federazioaren aurrean aukera handia zabaldu da gaur, eta, egoera honetan, bi dira boteprontoan Federazio honi aurreikusten zaizkion aukerak/erronkak: izena eta izana zabaltzea.
Izenari dagokionez, Euskadikoak bide eman behar dio Euskal Herrikoari, eta, erakunde pribatua dela baliatuz, bere izana ere egokitu behar du gure nazioaren izaera eta errealitatera, Iparraldeko eta Ekialdeko pilotariei ateak eskubide osoz irekiz.
Erronka horien aurrean kokatuko da Euskadiko Federaziokideek berehalakoan hautatuko duten zuzendaritza berria. Hautagaitzak aurkezteko epea etzi ireki eta urtarrilaren 5era artekoa izango da, eta momentuz badirudi gutxienez bi hautagai aurkeztuko direla. Adi egon beharko dute botoa duten federaziokideek, auzi honen aurrean hautagaiek dituzten proposamenekin.
3. Espainiako Federazioko indarreko presidenteak gaur ez du legea bete nahi izan. Eraldatutako 48.2 artikuluaren ondorioz, gaur bazegokion Euskadiko Federazioa Nazioartekoan sartzearen aldeko jarrera izatea, baina badirudi legea bete baino, bronka eta istiluak sortzea nahiago izan duela. Hortaz, pentsatzekoa da gaurko erabaki demokratikoa onartu aurretik epaitegietara jotzeko asmoa izango duela.
Egun, eta bere estatutuen indarrez, Nazioarteko Federazioak Iruñean du egoitza, Estatuko jurisdikzioaren barruan, beraz.
Aurrekariak ezagututa (Auzitegi Konstituzionaleko 80/2012 Epaia kasu), badakigu gai honi buruz Estatu honetako irizpide judizialak zeintzuk diren; hortaz, kasu honetan erakunde pribatua dela ere baliaturik, eta Euskal Pilotaren mesedetarako, Nazioarteko Federazioak baloratu beharko luke bere estatutuak berriro aldatuta −7. artikulua− egoitza beste Estaturen batera lekualdatzea; eskubide demokratikoak eta auzi nazionala sartzen direlarik, Estatuko Epaitegi eta Auzitegietan, gehienetan, arrazoibide juridikoei Estatu arrazoia gailentzen zaie eta.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
