Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
INVISIBLE

Hausnarketarako bidea zabaltzen

Eloy Moreno idazlearen liburuan oinarritutako “Invisible” telesailak Capi izeneko nerabearen istorioa azaltzen du. Kontakizun gogor eta sentikorra da, eta gure gizartean iraunkorra eta larria den arazo bati heltzen dio: “bullying”-a ikastetxe eta institutuetan.

Eskola-jazarpenaren gaia kokatzen du tramaren erdigunean eta indarkeriaren lehen haziak ereiten diren unetik azaltzen du guztia.

Ekoizpenaren arrakastetako bat protagonista nerabeen aktore zerrenda da: 12 eta 15 urte bitarteko aktoreak dira, gehienak hasiberriak, eta tramari benetakotasun handia eransten diete. Hala ere, horien esperientzia eskasak fikzioaren aurka ere jokatzen du zenbait unetan; antzezpen lan gordinagoak edota gogorragoak dauden uneetan, egiantzekotasun apur bat galtzen dute.

Ikus-entzunezkoak erreminta boteretsuak dira gizartean dauden arazoak agerian uzteko, baina mezu horiek zorroztasunez zabaltzea da gakoa, sotiltasunez; edozein modutara egin eta ikusleari diskurtso moralistak etengabe jaurtiz gero, mezuek indarra galtzeko arriskua dute.

Serie honek salatzen duena premiazkoa da, baina zenbait unetan aipaturiko akats hori egiten du eta “pornografia emozionala” deritzon horretatik gertuegi kokatzen da; malko erraza eragiteko asmoz sortuak diren eszena batzuk nahiko funsgabeak dira. Ez dago tonua orekatuko duen arintze edo itxaropen tarterik. Serieak alde onak eta txarrak dituen arren, jorratzen duen gaia hain garrantzitsua da, ezen irmoki gomendatzekoa baita. “Invisible”-k ez du erantzunik ematen; beldur eta arazo horiek azaldu, mahai gainean jarri eta hausnarketarako bidea zabaltzen du.

Eskola-jazarpenari buruzko kontakizun mingarri honek nerabeen, familien eta irakasleen artean hausnarketa sakonak piztuko ditu.