Urtzi URRUTIKOETXEA
BOISE
IPAR AMERIKAKO EUSKAL JAIRIK HANDIENA, BUELTAN

AEBetako euskal diasporaren Jaialdia egingo dute Boisen 2025eko udan

Datorren udan, Ipar Amerikan antolatzen den euskal jairik handiena itzuliko da Boisera. 2015ean egin zen azkenez Jaialdi (ingelesez ere izen hori dauka), eta zortzigarren aldiz ospatuko dute Idahoko hiriburuan, pandemiaren etenaren ostean. Euskal Herritik joango diren musikariak, dantzariak eta kirolariak ezagutarazi dituzte. Hurrengo asteetan zehaztasun gehiago izango dira.

2015eko Jaialdian hartutako argazki bat.
2015eko Jaialdian hartutako argazki bat. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Ikusmina oso handia da Boiseko 2025eko Jaialdirako. Antolatzaileak buru-belarri ari dira, Euskal Herritik ere ez dira gutxi oporren agenda eta aurrezkien kalkulua egin dutenak, haien kabuz edo bidaia agentzien bidez Idahora joateko, eta Estatu Batuetako euskal komunitateetan ere uztail amaierako eta abuztu hasierako datak gorde dituzte askok.

“National Geographic”-ek 2025ean mundu osoan bisitatzeko 25 proposamenen artean dauka Idahoko hiriburua. Bere aipua «AEBetan euskal jatorriko pertsonen kontzentrazio handiena» daukala esanez hasten da, «XIX. mende amaieran artzain etorriak. Eskualdeak omenaldia egiten dio ondare horri euskal kulturaren munduko ospakizun handienetakoa den Jaialdiaz», dio.

BOLUNTARIOAK

Lael Uberuaga da Jaialdiko komunikazio arduraduna. Gustura dago orain arteko lanarekin, eta plangintza ondo doala dio. «Nazioarteko taldeak aukeratu eta iragarri dira dagoeneko. Sponsor ugari ditugu, negozio askok babesa eman digute». Neomak, Gatibu, Tio Teronen semeak, Xabi Aburruzaga eta Arkaitz Añorgako Dantzariak joango dira Euskal Herritik Boisera, baita herri kiroletako hamaika lagun ere.

Boisera joan nahi duten Estatu Batuetako dantza taldeentzat ere izena emateko epea zabalduko dute laster.

Boiseko euskal komunitateak musu truk eta boluntarioen lanaren bidez egindako ekimena dela gogorarazi du Uberuagak. Laster zehaztuko dute boluntarioen batzordea, eta ahoz ahoko lana hasiko da jende gehiago erakartzeko eta txandak antolatzeko, datozen hilabeteetan.

«Boluntarioen lana berebizikoa da. Hau egiten dugu gure euskal kultura zabaldu nahi dugulako, beste euskaldun batzuekin, baita euskaldun ez direnekin ere. Badakigu jende asko hona iritsi zenean Francoren garaiak zirela, han ez zegoela euskal kultura ospatzerik, eta horri buruz ez dakiten estatubatuarrekin partekatu nahi dugu», dio Uberuagak.

EUSKAL-AMERIKARRA

Boise bera ez da garai batean zen hiri txikia; asko hazi da eta hazten jarraitzen du, baina euskal kulturak garrantzi handia dauka oraindik. «Babes handia ematen dio hiriak, alkate euskaldun bat izan du, euskal bloke bat dauka, hiria aurkezteko modu atsegina da». Hainbesteko garrantzia hartu du eta hainbesteko giroa ematen diote euskal jatetxeek eta ostatuek, ze batzuek “National Geographic”-en artikulua ikustean esaten zieten ez zabaltzeko, dagoeneko jende asko joaten baita. «Bertigo pixka bat» ematen du, baina «emozioa» daukate batez ere.

Ilusioa nabari zaio Uberuagari Euskal Herriko bisitariei zer aurkituko duten esatean: «Aski ezaguna izango dute ikusten dutena. Euskara entzungo dute, kalean dantzak, musika ezagutuko dute, baina hori guztia ukitu estatubatuar batekin». Beraz, alde batetik, «etxekoa den zerbait, baina era berean oso amerikarra, oso mendebaldekoa den zerbait, desberdina, dibertigarria. Ezin ahaztu euskal etorkin asko artzain etorri zirela, eta cowboy kultura hori ere presente egongo da», deskribatu du.

Oinarria jaiak, kultura eta kirola dira, baina berez topagune erraldoi bat da Boiseko Jaialdia. Hala, agenda ofizialaren ondoan beste ekimen ugari antolatu ohi dira; bertako Unibertsitatetik, esaterako, euskara, euskal kultura edo diasporarekin lotuta. Duela hamar urte, Gure Esku Dagok, Agirre Lehendakaria Center eta Columbiako Unibertsitatearekin batera, erabakitzeko eskubideari buruzko jardunaldia egin zuen. Jon Camio, Joshua Fisher eta Juan Jose Ibarretxe izan ziren hizlariak jendez gainezka zegoen Grove hoteleko aretoan. Esanguratsua izan zen Boisen bertan zen Iñigo Urkullu eta Lakuako kiderik bertaratu ez izana. Aldiz, Dave Bieter orduko Boiseko alkateak harrera beroa egin zien eta ekitaldia aurkeztu zuen.

ZORTZIGARREN EDIZIOA

Berez, ekitaldi bakar gisa antolatu zuten Jaialdi 1987an. Ia hamabost urte ziren Ipar Amerikako euskal elkarteak batzen hasi zirela, astiro eta mesfidati hasieran. Azken batean, tradizio oso ezberdinetatik iritsi ziren Estatu Batuetara Idahon zeuden bizkaitarrak eta Kaliforniako baxenabartarrak, jatorrizko pasaporteak ere ez ziren berdinak. Baina elkarte gehiago batu zitzaizkien, NABO (North American Basque Organization) gisa antolatu ziren, eta gazteentzako ekitaldiek bateko eta besteko euskal-amerikarrek elkar ezagutzea eta identitate propio bat garatzea ekarri zuten. 1987ko Jaialdi hura, nolabait, prozesu hori guztia burura eraman zuena izan zen. Idaho State Penitentiary espetxe historikoaren egoitzan antolatu zuten. Hainbestekoa izan zen arrakasta, handik hiru urtera orduko gobernadoreak eskatu zuen beste bat antolatzeko, Idaho estatu gisa eratu zeneko mendeurrena ospatzeko. Hala, bost urtetik behin egitea erabaki zuten. Idahoko euskaldunek urtero ospatzen dute San Inazio Egunaren inguruko asteburua, eta, horregatik, Jaialdi ere data horietan da: lau urtez formatu txikiagoa dauka, eta bosgarrenean ospakizun erraldoia bihurtzen da.

Pandemiaren ondorioz, 2020an bertan behera utzi behar izan zuten, ordurako dena prest zeukaten unean. 2025era arte itxarotea erabaki zuten. Ez da harritzekoa, beraz, inoiz baino gogotsuago egotea. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean izango da Jaialdia, asteartetik igandera. Ezin bestela izan, Basque Block izango da ospakizunaren erdigunea. Grove kaleak 6. kalearen eta Capitol Boulevarden artean hartzen duen izena da, eta berehala nabari da: euskal etxea, euskal museoa, Leku Ona, Gernika edo The Basque Market jatetxeak aski argigarri ez balira, faroletan ikurrinak daude eta lauburuak zoruan blokearen punta bakoitzean. Idaho Central Arenan eta Expo Idaho erakustazokan ere izango dira ekitaldiak.

Horietarako sarrerak udaberrian jarriko dira salgai, eta batez ere Central Arenako ekitaldietarako sarrerak aurretiaz hartzea aholkatu dute, eskaera handia egon ohi da eta. Informazio guztia jaialdi.com webgunean kontsultatu daiteke.