INFANTINOREN FIFA ETA IL GATTOPARDOREN SINDROMEA
Duela zortzi urte izendatu zuten Gianni Infantino FIFAko buru. Ordutik hona, futbola zuzentzen duen erakundean aldaketa ugari ezarri ditu, merkatu berrietara heltzeko asmoarekin. Halere, bestetik, Il Gattopardoren sindromea ere ikusten da bere kudeaketan, hots, sakonekoa mantentzeko azalekoa aldatzeko sindromea.

A re you ready?», galdetu zuen Gianni Infantinok bozketari ekin aurretik. Une horretan, dozenaka leiho agertu ziren pantailan, Zoom saiora konektatu ziren federazio guztietako ordezkariak. Soinuari eragitean, ahots ulertezinen nahaspila bihurtu zen agertokia. FIFAko presidenteak hitz egiten zuen, baina ezin zitzaion batere ulertu, atzean dozenaka ahots eta txaloak entzuten baitziren. «Wonderful! Wonderful! Thank you very much!», zioen Infantinok, botoa emateko denborari amaiera eman eta gero. Emankizun kaotiko baten erdian, «Is everything good?» galdetu zuen komisarioei begira. Hauek hatz lodiak altxatu zituzten, hauteskunde prozesuari onespena emanez. FIFAren Ezohiko Kongresuak ofizialki 2030 eta 2034ko gizonezkoen Munduko Txapelketetarako egoitzak aukeratu berri zituen.
Erakundearen estatutuak betetzeko eta aukeraketari zilegitasuna emateko deitu zen bozketara, egoitzak urtebete lehenago bulegoetan aukeratuta izan arren. Behin ekitaldia amaituta, FIFAren sinesgarritasuna hobetzen lagundu zuenik ezin da esan.
Duela zortzi urte, Gianni Infantino munduko futbolaren erakunderik handienaren lehendakaritzarako hautagai gisa aurkeztu zenean, FBIk gidatutako eta maila mediatikoan “FIFAgate” izenez ezagutu zen operazioa egin berria zen oraindik. Hainbat hamarkadatan futbolaren munduan buru izan ziren zuzendarien belaunaldi oso bat erori egin zen, iruzurra, eroskeria edo diru-zuriketa leporatuta. Etika-batzordeak Joseph Blatter, 17 urtez FIFAko presidente izandakoa, eta Michel Platini, UEFAko presidente izandakoa eta FIFAren buruzagitzan bere lekua hartzeko faborito nagusia, kargutik kendu zituen. Futbol-zuzendaritzaren unerik apalenean, Gianni Infantinoren figura erakundeari distira itzuliko zion pertsona gisa agertu zen. «Zuen guztien ondoan lan egin nahi dut FIFAn aro berri bat berrezarri eta berreraikitzeko», esan zuen suitzarrak une horretan.
Infantino ez zen pertsonaia ezezaguna futbol munduan. UEFAn 2000. urtean sartu eta 2009az geroztik idazkari nagusia zen, Platiniren lehendakaritzapean. Erantzukizun karguak izandako kide asko tantaka-tantaka erortzen ari ziren momentuan, FIFAren berrikuntza prozesua gidatzeko pertsonarik egokiena ez zirudien. Hala ere, azkar mugitu zen erakundearen berritzaile gisa zuen irudia sendotzeko.
Presidente bezala hautatu eta lau hilabete eskasera, egonkortasuna eta gardentasuna ziurtatzeko, berak gidatutako erreformak onartu ziren. Batzorde Exekutibo zaharra FIFAren Kontseiluak ordezkatu zuen eta karguen iraupena lau urteko hiru agintalditara mugatu zen. Gainera, batzorde independenteak sortu ziren FIFAren funtzionamendua fiskalizatzeko eta erakundearen printzipioei jarraitzen zitzaiela ziurtatzeko, botere-banaketa, diskriminaziorik eza edo funtzionamendu demokratikoa zirelarik barnean. Era berean, bere jarduera guztietan giza eskubideak errespetatu eta sustatzeko konpromisoa hartu zuen FIFAk.
FIFAREN BERRERAIKUNTZA
Harrez geroztik, Infantinok behin eta berriz FIFA berri bati buruz hitz egiten zuen bitartean, erakundea berritzeko borondatearen inguruko zalantzak handituz ari ziren. Presidente bezala aukeratu eta berehala bildu zen Michel Lauberrekin, Suitzako fiskal nagusia eta “FIFAgate”-ari buruzko ikerketen arduraduna zenarekin. Bilera haiek argitara eman zirenean, FIFAk ohar bat argitaratu zuen «fiskal nagusiarekin biltzea presidentearen erantzukizunen parte dela» esanez. Suitzako justiziak, aldiz, ez zuen modu berean ikusi, Lauberrek auzitik baztertu eta 2020an dimisioa emango baitzuen, Auzitegi Federal Administratiboak Infantinorekin egindako bilerak «karguaren betebeharren urraketa larria» zirela ebatzi zuenean.
Era berean, Batzorde Etikoaren buru zirenen ordezkatzea polemikoa izan zen; Blatter eta Platini karguetatik aldendu izanaren arduradunena, hain zuzen ere. Jet pribatuan egindako Infantinoren hegaldiak edo eta Ahmad Ahmad Afrikako Futbol Konfederazioko presidente berria izatearen alde egindako presioak ikertu zituztenean baztertuak izan baitziren.
Miguel Maduro Gobernantza Batzordeko presidenteak Britainia Handiko Komunen Ganberaren aurrean Infantinoren presioak salatu zituen baita ere, Vitaly Mutko errusiarra FIFAko Kontseiluan sartzeko hautaketari oniritzia emateko. Maduroren iritziz, Mutko Errusiako gobernuko lehen ministro-orde, futbol federazioko presidente eta 2018ko Errusiako Munduko Txapelketako Batzorde Antolatzaileko kide izateak FIFAko edozein kargutarako gaitasunik gabe uzten zuen, esku sartze politikoa izango litzatekeelako. Batzorde Etikoaren buru zirenak bezala, FIFAk Maduro ere kargutik kendu zuen.
ALIATU BERRIAK
Infantinok FIFA zaharraren erorketaren buru izan zen AEBekin laster sinatu zuen bakea, 2026ko Munduko Txapelketako anfitrioi bezala aukeratuz. Sintonia on hori 2025eko Kluben Munduko Txapelketaren antolaketa ere emanez indartu zen. Bitartean, FIFAren aurkako operazioa zuzendu zuen Loretta Lynch Estatu Batuetako fiskal nagusia kontratatu zuen Paul Weiss abokatu enpresak; Estatu Batuetan FIFAren gaiak daramatzan bulegoa, hain zuzen ere.
Telebista estatubatuarrek, bestalde, FBIk FIFAren aurka egindako operazioa aprobetxatu zuten futbol merkatuan zeukaten posizioa hobetzeko. Azken hamarkadan gora egin dute futbol-taldeetan egindako AEBetako inbertsioek ere. Bloombergek 2023an egindako ikerketa baten arabera, Europako bost liga nagusietan AEBetako jabetza duten kluben ehunekoa %20koa zen.
Estatu Batuez gain, Infantinok azken hamarkadan futbol inbertsioa hazi den munduko beste aldeari begiratu zion. “FIFAgate”-k Qatarren aukeraketaren inguruan botoak erosteko sistema oso bat azaleratu zuen, baina Infantinok egoitza aldaketarik ez zela egongo baieztatu zuen. Aurreikusita zegoen bezala, 2018an Munduko Txapelketa Errusian egin zen, eta lau urte geroago, Qatarrek antolatu zuen, FIFAko presidentearen babes guztiarekin. Herrialde antolatzaileari egindako kritikak murrizteko asmoz, «Today I feel qatari. Today I feel gay…» hitz famatuak esanez hasi zuen Munduko Txapelketa hasi aurreko prentsaurrekoa. Ordurako, FIFAko presidentea hasia zen bere aliatu indartsuenetako batengana hurbiltzen. Errusiako Mundialaren inaugurazioan harridura sortu zuen Mohamed Bin Salman Saudi Arabiako printzea Moskuko Luzhnikiko palkoan ikusteak, Vladimir Putin eta Gianni Infantinorekin batera. Geroago, Saudi Arabiak berak aurkeztu zuen FIFAn Munduko Txapelketa bi urtean behin ospatzeko Infantinoren ideia, azkenean gainerako federazioen oposizioa medio ahaztu zena.
Infantinoren eta Saudi Arabiaren arteko hurbiltasuna 2023ko azaroan berretsi zen. Orduan, FIFAk iragarri zuen 2030eko Munduko Txapelketaren antolaketa Espainia, Portugal eta Marokori emango zitzaiela eta barnean, txapelketaren mendeurrena ospatzeko, Uruguain, Argentinan eta Paraguain hiru partida jokatuko zirela. Egoitzen errotazio-irizpideari jarraituz, iragarpen hark Asia eta Ozeaniako herrialdeen aukerak bakarrik uzten zituen 2034rako. Handik gutxira, Saudi Arabia anfitrioia izango zela baieztatu zen, hurrengo ezohiko kongresuaren baieztapenaren zain. Erabaki hori hartzeko «kontsulta zabala» egin zela adierazi zuen Infantinok. Lise Klavenessek, Norvegiako federazioko presidentea eta FIFA barruko ahots kritikoenetariko bat denak, ordea, adierazi zuen FIFAk igorritako komunikatuaren bidez izan zuela erabakiaren berri.
Infantinok Estatu Batuen eta herrialde arabiarren babesaz baliatuz sendotu du bere boterea, herrialde horiek futbolaren munduan egindako inbertsioak erraztu dituen bitartean. Bere esku-hartzea funtsezkoa izan zen Premier League-n Saudi Arabiako PIF funts subiranoak Newcastle United erosteko oniritzia eman zezan. Aurten bertan, FIFAk Saudi Arabiako Aramco petrolio-enpresarekin 100 milioi dolarreko babesletza akordioa lortu duela iragarri du. 24 herrialdetako 130 emakume futbolarik baino gehiagok sinatutako protesta gutun bat ekarri duen akordioa. Bertan gogorarazten dutenez, «FIFAk futbol inklusiboa nahi duela eta eredu izan dadila aldarrikatzen du. Hala balitz, eredu diren babesleekin lerrokatzen dela ziurtatu beharko litzateke». Horrekin batera, Aramco enpresa berotegi-gasen emisioetan lider gisa agertzen dela ere gogorarazi dute, edota herrialde arabiarraren aurka egindako salaketak, giza eskubideen urraketengatik edo emakumeen eta homosexualen eskubide eskasengatik.
IL GATTOPARDO
2016an presidente hautatu zutenean, Infantinok FIFA zaharrarekin amaituko zuela eta erakundearen ospea berreskuratuko zuela promes egin zuen. Hala ere, 2019an eta 2023an hasitako agintaldiak gorespenez eta beste hautagairik aurkeztu gabe berritu zituen. Blatterren estilorik garbienean. 2030 eta 2034ko Munduko Txapelketetarako egin berria den egoitzen aukeratzea bezala.
Hego Amerikako herrialdeek mendeurreneko Munduko Txapelketa antolatu nahi zuten, baina FIFAk hiru partidatara murriztu du ospakizuna, Espainian, Portugalen eta Marokon egingo den Munduko Txapelketaren barruan. Horrela, pisu ekonomikoa galdu duten futbol munduko bi historikok, Argentinak eta Uruguaik, alegia, 2042ra arte ez dute futbol-txapelketa handienaren egoitza izateko aukerarik izango.
1998an FIFAko presidente aukeratu zutenean, Blatterrek Hegoafrikari eman zion Munduko Txapelketa, bere boterea sendotzea ahalbidetu zion maniobra batean. Infantinok, ordea, AEBetatik eta herrialde arabiarretatik datorren dirua besarkatzen du, futbolaren industriaren ateak zabaltzen dizkioten bitartean. Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Il Gattopardo eleberrian bezala, FIFAn gauzak aldatu egin ziren, denak berdin funtzionatzen jarraitzeko.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
