GARA
BILBO
PILOTA

Ezkurdiak eta Rezustak gogortasuna eta lidergoa berreskuratu dituzte

Urteberri egunean 6-22 galdu zuten Laso eta Iztuetaren aurka, eta Elordi eta Zabaletaren aurrean 1-7 galtzen hasi arren, partida poltsikoratu arte lan egin zuten Ezkurdiak eta Rezustak. Maila oso oneko partida jokatu zuten bi bikoteek.

Defentsan zein erasoan, Beñat Rezusta harkaitz baten pareko pilotaria izan zen.
Defentsan zein erasoan, Beñat Rezusta harkaitz baten pareko pilotaria izan zen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Bagenuen gogoa aurreko eguneko itxura txarrari buelta emateko!» adierazi zuen Joseba Ezkurdiak Bilbon, Elordi eta Zabaletari, Ezkurdiaren beraren eta Rezustaren atzekoz aurrerako lan bikainari esker, 22-16 irabazi ostean. Eibarren, Urteberri egunean, 4-0 irabazten hasi eta 6-22 galdu zuten Laso eta Iztuetaren aurka, 2-22ko partziala jasota. Atzo, aldiz, 1-7 galtzen hasi baziren ere gorriak, lana beltz egin eta gero, eta urdinek, Elordik bereziki, behar baino pilota gehiago galdu ondotik, 21-9ko partziala sartu eta garaipena erdietsi zuten. Hori gutxi ez, eta behin-behineko lidergoa ere berreskuratu zuten. «Bikote gogorra osatu dugu», azpimarratu zuten, berdin Arbizukoak zein Bergarakoak.

Hala ere, Elordi eta Zabaleta Bilboko Deportivon egunero aritu izan balira bezain eroso aritu ziren aurreneko tantoetan, nahiz eta bertan jokatu zuten aurreneko aldia izan. Palaz jokatzeko pentsaturiko frontoian ez dira sarri izaten eskuzko jaialdiak, are gutxiago Binakako Txapelketako partidak. Rezusta eta Zabaleta ere jotzaile handiak badira ere, Zabaletaren agintearen pean 1-7 galtzen hasi ziren Arbizukoa eta Bergarakoa.

Izan ere, Zabaletak gogor jo bazuen ere, aurrean artista lanak egoki bete zituen Elordik aurreneko tanto horietan. Gorrien tanto bakarra lortzeko Ezkurdiari kontraerasorako aukera eman zion erremate eskas bat kenduta, Mallabikoak osterantzean aurrelari nafarra dantzan erabili zuen. Horiek hala, 1-7koarekin partida etetea erabaki zuten gorriek.

Atsedenak ez zien kalterik egin Ezkurdia eta Rezustari, piloteoan Rezusta eta Zabaleta berdintzeko baino izan ez bazen ere. Hala, harritzekoa bada ere, pare bat hutsegite kateatu zituen Etxarrengo atzelariak. Inurriak bailiran, 5-8raino hurbildu ziren gorriak.

Alde ederra bikote baten edo bestearen alde egindako pilota aldaketak! Gorriek nahikoa lan izan zuten urdinen eraso erauntsia geratzeko. Nolanahi, aukera izan zuelarik, Ezkurdiak ez zion erasorako aukerari muzinik egin eta eskuin boleaz Elordiri lanak eman zizkion. Aldea murriztea ere lortu zuen, nahiz eta bikote urdina lanerako gertu izan zen. Hala, aurreneko atsedenaldi luzerako markagailua 9-12an zen, Elordik ezker gantxoz zabalean tantoa amaitu eta gero.

XELEBREAK ETA BIKAINAK

Pilotaleku berezia izaki, partida berezi xamarra izan zen, non erasotik defentsara eta defentsatik erasora bikote biek tanto erdian pausoa eman behar izan zuten. Ondorioz, tanto ederrak bezala, akats handiak ere berdin-berdin ikusi ziren.

Zentzu horretan, urdinek eraman arren jokoaren eta markagailuaren ekimena, akats horien bitartez, gorriek eusteko modua aurkitu zuten. Eutsi baino gehiago ere bai, atzean 12-14koa ezarri ostean, aurreko egurraren egurrez, Arbizukoak eta Rezustak Zabaleta berbera menpean hartzea erdietsi baitzuten.

Bilboko Deportivon ez dago erreboteraino botatzerik, baina hori ez zen arazoa izan Rezusta eta Zabaletarentzat, biak ala biak jotzaile ikaragarriak, horratio! Hamargarren koadroan baztertzen den pilota baino dejada hoberik ez dago, pilotazale zaharrenek diotenez, eta hantxe sartu zion Bergarako atzelari ezkertiak Zabaletari, 13-14koa lortzeko. Atzean amaitutakoa gutxi ez balitz, ezkerrez bi hormakoa jota erdietsi zuen Rezustak hamalaunakoa, partidako lehen berdinketa, Elordiren dejada bikaina antzemanda.

Gorriek aurretik jartzea falta zuten, eta baita lortu ere! Elordiren tamalerako, eginda zuen tantoa txapapean errematatu zuelako aurrelari bizkaitarrak.

ELORDIREN GAINBEHERA

Ezkurdiak txokoan moztuta, 16-14koa ezarri zuten gorriek, eta zortea aldeko jarri zitzaien, Elordik txokoan sekula hutsik egiten ez duen errematea txaparen aurka lehertu zuelako. 8-0ko partziala lortu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, baina, partziala luzatzeko tantorik aproposenean, ezker sotamanoz zabalean amaituta, Elordik hautsi zuen urdinen bolada: 17-15. Urruti gabe etorri zitzaion buelta Mallabikoari: txapapera joan zen ahoko zuloan egindako errematea eta markagailua 18-15ekoa zen, gorrien alde, azken atseden luzean.

Artista baten pare egin zituen 20-15erainoko tantoak. Nolanahi, Arbizukoak berak beste aukera bat eman zien zabaletik mozten hasi eta txapara botata: 20-16.

Baina Elordiren jokoak gainbehera egin zuen azken tantoetan eta kontrakantxara ihes egindako erremate batek garaipenaren atarian jarri zituen gorriak. Hori ere gainditu zuten hauek, urdinek elkar ulertu ez zuten pilota bat Elordik eraman gabe utzi ostean. Eibarren aurrekoz atzera jokatu bazuten, Bilbon atzekoz aurrera egindako lanari esker garaipena eta lidergoa berreskuratu zuten Ezkurdiak eta Rezustak.