Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevista
LEANDRO AZKUE
Lakuako arrantza zuzendaria

«Arrantza kuota berriek zapore gazi-gozoa utzi digute»

Urte berriak kuota banaketa berria esan nahi du arrantza munduan. EAEri dagokionez, zapore gazi-gozoa utzi du 2025. urteko banaketak: baxurako arrantzan, egoki; goi arrantzan, kaskar. Oilarra, legatza edo zapoa %20 gutxiago arrantzatu ahal izango dute. Lakuako arrantza zuzendari Leandro Azkuek azalpen xeheagoak eskaini zizkion NAIZ Irratiari.

(NAIZ IRRATIA)

 

Hasi da 2025. urtea. Kuota berriekin, koska goi altuerako arrantzan egon daiteke.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arrantzaleek %20 gutxiago arrantzatu ahal izango dute oilarra, legatza edo zapoa. Zer eragin izango du horrek?

Eragin zuzena izango du Ondarroako portuan. Azken urteetan ere kuotak jaisten ari zaizkie. Baxurako flotarentzat, ordea, albiste ona da. Zapore gazi-gozoa dugu.

Zertan ezberdintzen da Ondarroako ontzidia?

Haien historia osoan arrantzatu izan dute Estatu frantseseko kostaldean, Irlanda iparralde eta mendebaldean... Urrutirago joan den flota bat izan da, EAE mailan daukagun espezializatuena. Baina azken bost urteetako beherakadak eragina izan du haiengan.

Baxurako arrantzan mantendu edo igo egin da, txitxarroa adibidez. Agian ondorioztatu genezake intentsitate apalagoa edo artisauagoa den arrantza saritu egin dela?

Nik beste irakurketa bat egiten dut. Bakoitzak bere espezieak arrantzatzen ditu; batzuk itsasontziekiko daude banatuta, besteetan kuota estatuena da... eta espezieen egoera urtetik urtera aldatuz doa. Adibidez, iparraldeko legatza ez dago egoera onenean eta, egoera ikusita, kudeaketan gabiltzanok neurriak hartu behar izaten ditugu. Kasu honetan, kuotaren jaitsiera eta horrekin etorriko den arrantza esfortzuaren jaitsiera, pentsatuz horrekin espeziea berreskuratuko dela.

Hala ere, batek arrantzatzen ez duena beste batek arrantzatuko du. Egoten da gatazkarik ontzidien artean?

Kontuan hartu beharreko beste arlo bat da hori, arrantza pertsona askoren ogibidea baita, eta tentuz ibili behar izaten dugu. Europa mailan erabakiak hartuta eta kuota mailak ezarrita daudenean, tokian tokiko onurak kontuan hartzen ditugu, gure arrantzaleak babestu nahian.

Lapurtar arrantzaleek, berriz, kuota frantsesarekin egiten dute arrantza. Nolakoa da harremana ontzidi honekin?

Duela urte batzuk liskarrak egon ziren, arrantza tresnak ez zirelako egokienak Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat. Harremanak normalizatu dira, bakoitzak bere arrantza eremua eta kuotak baititu.

Badira urrunean dauden euskal ontziak ere, Afrikan esaterako. Nolako dimentsioa dauka gure portuetan ikusten ez dugun ontzidi honek?

Nazioarteko dimentsio oso indartsua daukagu, batez ere atunontzi izozkailuak. Hain zuzen, EAE mailan daukagun flotak espezie horren munduko %10 harrapatzen duela jo dezakegu.

Lehen sektorearen etorkizunaz hitz egiten denean, erreleboa izaten da hitz gakoa.

Zoritxarrez zaila da, baina administrazioetatik ari gara tresnak eta proiektu desberdinak mahai gainean jartzen. Arrantza eskolak ikaslez beteta daude, eta alde horretatik pozik egoteko datuak dira. Hala ere, gutxi dira behin arrantza ikasketak amaitu eta euren etorkizuna itsasora bideratzen dutenak. Faktore ekonomikoek atzera botatzen dituzte gaurko gazteak. Baina laster pizgarriak aurkeztuko ditugu. Lehorreko errutina baten aldean itsasokoak sor dezakeen hutsunea ekidin edo samurtu nahian ari gara.

Kostaren ordenazioaren eskuduntza jasoko da. Nola eragingo du honek?

Gertutasuna lortuko dugu. Orain arte kontzesioak Madrilen mende zeuden; egun, ordea, eskumen hori gauzatzen denean, Jaurlaritzan izango dute gertutasun positibo hori.

Erronka izango da ontzien kutsadura. Diesel bidez funtzionatzen dute.

Ez dago epe motzeko irtenbiderik arrantza itsasontzietarako. Beste ontzientzat ere badira zailtasunak, eta ari dira probak egiten erregai alternatiboekin. Baina alternatiba horiek ontzien bestelako diseinu bat eskatzen dute.