Asier ROBLES
BILBO
SARE-REN MANIFESTAZIOA

«Hamarkadetako sufrimenduaren ondorio guztiak zigilatzeko ordua»

Rosa Rodero, Ane Muguruza, Martxelo Otamendi, Garazi Hach Embarek, Arantza Aldezabal, Patxi Bisquert eta Jose Luis Elkoro izango dira, besteak beste, larunbat honetako euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioaren pankarta eramango dutenak. La Casillatik abiatuko da 17.00etan, eta Alde Zaharrean giroa egongo da goizetik.

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, Sareko bozeramaileak.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa, Sareko bozeramaileak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazio nazionalerako atzerako kontaketa hasita, horren arrazoiak azpimarratu eta mobilizazioaren garapenaren nondik norakoak azaldu zituzten atzo Bilboko La Bolsa eraikinean Joseba Azkarraga eta Bego Atxa Sareko bozeramaileek.

La Casillan hasiko da 17.00etan, eta beste urte batzuetan bezala Bilboko Udaletxean amaituko da. Hainbat alderdi, elkarte eta esparru geografiko, profesional eta kulturaletako pertsona ugarik iragarri dute manifestazioan parte hartuko dutela. Izan ere, hauek izango dira lehen lerroan pankarta eramango dutenak: Rosa Rodero (ETAren biktima), Ane Muguruza (Estatu indarkeriaren biktima), Emilie Martin (Bake Bidea), Martxelo Otamendi (kazetaria), Garazi Hach Embarek (eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko Irakaslea), Amaia Izko (abokatua), Eva Ferreira (Harrera), Patxi Bisquert (aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (senidea), Bego Atxa eta Joseba Azkarraga.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxaldek osatzen duten euskal gehiengo sindikalak ere parte hartzeko deia egin du. Alderdien artean, EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP eta Més Per Mallorca batu dira. Baita Bake Bidea, Egiari Zor, Gure Esku, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural eta Kataluniako abokatutzaren Koordinadora, besteak beste.

Horrez gain, 450 eta 500 boluntario artean mobilizatuko ditu Sarek, manifestazioaren segurtasunaz, trafikoaz, diru eskeaz eta halako ekitaldi jendetsu batek dakarren guztiaz arduratzeko.

Giroa alaitzeko, goizetik eta, batez ere, Bilboko Alde Zaharrean, trikitilariak, dultzaineroak, erraldoiak eta buruhandiak izango dira. «Azken batean, aldarrikapena eta festa uztartu nahi ditugu», adierazi zuen atzo Atxak.

«ORDUA DA»

Mobilizazioa giza eskubideen aldeko aldarria izango dela gogoratu zuen Azkarragak. «Ez gaude aldarrikapen politiko eta, beraz, alderdikoi baten aurrean. Mobilizazio hau presoen kolektibo baten eskubideen aldeko aldarria da, haien eskubideak urratzen jarraitzen baitute. Euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzea izango dira egun honetan bidelagun. Horrela bakarrik uler daiteke Sare bezalako elkarte batek, urtez urte, dozenaka mila pertsonekin kaleak bete eta bidegabekeriarik gabeko bakea eskatzea», azaldu zuen bozeramaileak.

Izan ere, ‘‘Behin betiko’’ izango da aurtengo mobilizazioaren leloa, «Behin betiko konponbidea» eman eta «bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna» eraikitzeko momentua dela adierazi nahian.

«Ordua da. Konfrontazio eta sufrimenduaren hamarkadetako ondorio guztiak zigilatzeko garaia da. Eta uste dugu euskal gizarteak zilegitasuna duela estamentu politiko eta judizialei lan horretan parte har dezaten eskatzeko», nabarmendu zuen Azkarragak.

Sarek gogoratu bezala, ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urtera, oraindik 122 euskal preso inguru daude espetxean eta 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. «13 urteren ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeek herri honen konponbiderako hautua baldintzatzen segitzen dute», salatu zuten.