G.I.
HERNANI
SING SING

Antzerkiaren botere sendatzailea

Sing Sing izeneko espetxean girotutako filma da honakoa; mundu mailan segurtasun goreneko kartzela ezagunenetakoa da eta bereziki Estatu Batuetako kultura herrikoian espetxe baldintza latzak eta segurtasun neurri zorrotzak izateagatik da ospetsua.

Narrazioaren erdigunean bertako preso talde bat kokatu du Greg Kwedar zuzendariak: arte dramatikoen tailer batean parte hartzen dute eta beren antzezlan propioa egitea erabakiko dute. Antzerkiaren bidez, gizon horiek munduaz duten ikuspegia eraldatzea lortzen dute, eta borrokatzeko arrazoi bat aurkitu. Artearen -kasu honetan antzerkiaren- botere askatzailea eta sendatzailea agerian uzten duen filma da. Adierazpen artistiko horren bidez, besteekin konektatzeko modu berri bat aurkituko dute presoek. Lantegi barruan ematen duten pauso bakoitzarekin, arteak bizitzak eraldatzeko ahalmena duela deskubrituko dute gizonok, ezkutuko emozioak askatzekoa. Espetxeko errealitate latzaren aurrean ihesbide moduko bat bihurtuko da tailerra beraientzat.

Kartzelako dramen generoa birformulatzeagatik eta presoen inguruko estereotipoei desafio egiteagatik goraipatu dute filma, espetxearen helburu nagusia errehabilitazioa dela azpimarratzen duelako, eta ez zigorra.