Laso eta Iztueta lidergoan sendotu dira
Binakako txapelketako bederatzi partida jokatuta, Baikoko bikoteak agintzen du sailkapen nagusian, zortzi garaipen eta porrot bakarrarekin. Atzo, Jaka eta Imaz menderatu zituzten.

Lasok eta Iztuetak zortzigarren garaipena eskuratu zuten atzo, Labriten, Binakako Txapelketako sailkapen nagusian lider jarraitu ez ezik, lidergoa gehixeago sendotzeko. Ostiral gauean Getarian Peio Etxeberriak eta Martijak eskuratutako garaipen horrek ere badu zerikusirik, Ezkurdia eta Rezusta hartu baitzituzten mendean, orain bigarren sailkatuak diren pilotariak.
Partida zinez gogorra jokatu zuten Iruñeko pilotalekuan -«Labriteko partidak beti izaten dira gogorrak», zehaztu zuen Lasok-, Erik Jakak eta Ander Imazek bukaeraraino borrokatu baitzuten. Bigarren etenaldi luzera urdinak 11-18 irabazten iritsi zirela, bazirudien partida jada apurtuta zegoela eta liderren garaipena ziurtzat ematen zen. Gorrien erreakzioa, ordea, handia izan zen, ikaratzekoa (15-19 hurbildu ziren), baina azkenean ez zen ezustekorik egon. Lasok, ongi moztutako pilotakada batekin, erabaki zuen partida, aurretik gorriek egindako bi hutsek ere lagunduta.
«Horrelako bikote baten aurka garaipena eskuratuta, pozik egoteko modukoa da», esan zuen Martxel Iztuetak partida bukatu berritan. Jaka eta Imazek lau garaipen dituzte pilatuta, eta bide onean zeudela iristen ziren Iruñeko partidara -bi dema jarraian irabazi eta sailkapenean jauzia emanda-.
Atzetik aurrera doazela dirudi, nahiz eta partidak ixtea oraindik ere kostatzen ari zaien. Boladaka aritzen dira eta atzokoan ere tanto ikusgarriak zein akatsak uztartu zituzten. Urdinak aurreratu ziren markagailuan lehendabizi eta, banako berdinketa salbu, gorriek ez zuten sekula aurkaria harrapatu.
Partidaren lehen erdian Iztuetak erakustaldia eman zuen -bukaerarako sei egindakorekin bukatu zuen- eta Lasok bere bikotekidearen lana goraipatu nahi izan zuen: «Martxelek sekulako partida egin du; asko eman dio pilotari, ongi eutsi dio Anderri [Imaz]. Defentsan ere ongi egon da».
DIFERENTZIA ATZEAN
6-12ko markagailua alde zutela iritsi ziren urdinak lehen etenaldi luzera, kantxan dominatzaile jantziarekin. Handik bueltan ere dominatzen jarraitu zuten, betiere tanto oso gogor eta piloteatuekin, Jaka eta Imazen defentsak ongi behartuta. Lizartzarrak ere eduki zuen bere une distiratsua, batez ere etenalditik bueltan, eta orotara hamaika tanto egin zituen. Estatistika horrek ere iradoki dezake partidaren gogortasuna, Jakaren 11 egindakorekin gorriek partida galdu baitzuten.
Aldeak nabarmenagoak izan ziren atzean, Imaz une askotan oso behartuta egon baitzen, Iztueta indartsu baten aurrean. Pentsa, egindako bat ere ez eta hiru galdutako pilatu zituen oiartzuarrak; Iztuetak sei egindako eta bakarra galdua.
PEÑA-ALBISUK, BIGARRENA
Etxebarrin jokatutako partidan, bestalde, ezusteko txiki bat izan zen, Peña II.ak eta Albisuk bigarren garaipena eskuratu baitzuten, berragerpena zuen Artola eta Mariezkurrenaren aurka. Sailkapena are gehiago estutu da.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
