Sare Feministak biktima babestuko du Mario Lopezen aurkako epaiketan
Bihar hasiko da Mario Lopez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa, adingabe bati sexu abusuak egitea egotzita. Sare Feministak dei egin du epaitegiko atarian biltzeko, erasotako pertsonaren «erreparazioan ekarpena» egiteko. Asmoa da «sentitzea berarekin gaudela, herri oso bat daukala berarekin».

Afera publiko egin zenetik urtebetetik gora igarota hasiko da, bihar, Mario Lopez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile eta kirol zuzendari ohiaren aurkako epaiketa, Bilbon; adingabea zen jokalari bati sexu abusu jarraituak egitea leporatzen diote. Epaiketa ateak itxita egingo da biktima babesteko. Era berean, halako epaiketek suposatzen duten birbiktimizazio arriskuaren aurrean, emakumeari babesa emateko helburuarekin elkarretaratzea egingo da auzitegiko atarian, Gernikako Sare Feministak antolatuta.
«Gure asmoa da sentitzea berarekin gaudela, ez garela lau katu, herri oso bat daukala berarekin», azaldu zuen Arlette Apraiz Sareko ordezkariak NAIZ Irratian. Goizeko bederatzietan Bilboko epaitegira joateko deia egin dute (Barroeta Aldamar kalea).
«Epaitegiaren barruan gertatzen denaz ezer gutxi dakigu eta espero dugu; gure lana kalean kokatzen dugu, ulertzen dugulako tokatzen zaigula erasotakoa babestea. Garrantzitsua ikusi dugu Bilboraino joatea, deklaratzea tokatzen zaion egun horretan bertan egoteko», adierazi zuen Apraizek.
ERREPARAZIOAN EKARPENA
Sareko kidea jakitun da prozesua «oso gogorra» dela eta «hein batean birbiktimizazioa ekidiezina» izango dela. «Prozesu judizialak berak behartzen du gertatua berriz bizitzera; sistema bera ez dago erasotakoaren erreparazioari begira, bere afera beste bat da. Hortaz, guri egokitzen zaigu erreparazioan ekarpena egitea», azaldu zuen. Ahal den neurrian momentuok «goxatu» nahi ditu Gernikako Sare Feministak.
Asmo horrekin, bloga ere jarri du abian. Gordailu bat izan nahi dute, babes adierazpen guztiak biltzeko tresna bat. Irudi, abesti, bideo edo bestelako formatu batean ekarpena bidali nahi duenak sarefeministagernika@gmail.com helbidean du aukera.
BOTEREAZ BALIATUTA
14 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskaltzak. Bere idatzian azaldu duenez, Lopez biktimaren saskibaloi entrenatzailea izan zen, 10 urte zituenetik 16 zituen arte, lehenik Allende Salazar eskolako saskibaloi taldean eta ostean Lointek Gernikan. Honen arabera, 1998ko uztailetik aurrera, gizonak 31 urte eta neskak 13 urte zituenean, entrenatzaileak hiru urtez bere etxera eraman ohi zuen, aitzakia ezberdinak aipatuta, eta bertan sexu harremanak izaten zituzten gaztearen baimenik gabe.
Erasotzailearenganako erabateko izua sentitzen zuen salatzaileak. Hark dioenez, bere posizioaz eta botereaz baliatu zen Lopez eraso hauek modu jarraituan eta inpunitatez egin ahal izateko. Saskibaloi taldearen klubak, Lopezen ahotik salaketa eta ikerketaren berri izan zuenean, entrenatzaile postutik kirol zuzendariarenera pasatu zuten Lopez.
«ZURIKETA ARIKETA»
Afera publiko egin eta Gernikan mobilizazio jendetsuak hasi zirenean soilik baztertu zuen lehen aldiz Lointek Gernikak Mario Lopez, ostera behin betiko kaleratzeko. Bere garaian kontaktuak egon ziren Sarearen eta klubaren artean baina, Apraizek baieztatu zuenez, «gezurretan oinarritutako harreman bat izan zen» eta Sareak klubarekiko «konfiantza osoa galtzea ekarri zuen».
Agerikoa da, Apraizen esanetan, klubak egindako urratsak mobilizazio feministek eragin dituztela eta ez biktimarekiko kezkak. Izan ere, «ardurak eduki dituen jendeak botere postuetan jarraitzen du klubean. Martxan jarritako protokoloa azkar eta sakoneko hausnarketa barik abiatu zen. Klubak presioaren arabera erantzun du, zuriketa ariketa gisa», kritikatu zuen.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
