Txillardegiri omenezko tokia emateko eskea erakundeei
Bere heriotzatik 13 urtera Txillardegik ez du oraindik bere izena duen leku fisiko nabarmenik Donostian. Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak behin eta berriz eskatu dio Udalari, eta, ukoa jaso arren, ez du etsiko. Jakes Laffite izan zen atzoko gonbidatu berezia.

Herri aitortza egin zioten atzo Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”-ri, urtero bezala, 1929ko irailaren 27an jaio zen auzoan, Antiguan. Gaskonia plaza jartzen du kartel ofizialean, baina azpian Txillardegi plaza idatzi du jendeak. Zabala eta sakona da idazle, pentsalari eta politikariak utzitako ondarea, baina onarpen instituzionala falta zaio.
“Leturiaren egunkari ezkutua” euskarazko lehen eleberri modernoaren sortzailearen muralaren aitzinean bildu ziren senide, lagun eta herritar ugari. Bere aurpegiaren ondoan, “Eta Txillardegik non du liburutegia?” izenburua duen bertso sorta bat nabarmentzen zen, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiena. Denek elkarrekin kantatu zituzten bertso horiek, giro berezia eta goxoa sortuz eta Donostiako Udalari ozen eta argi eskatuz Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jar diezaion.
Hona azken bertsoa: «Zein da Donostiaren iruditeria?/ Noren izena dugu, noren aurpegia?/ Juxtua izan dadin gure izendegia,/ Txillardegik behar du liburutegia».
Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak euskararen kontrako mendeetako oldarraldiarekin lotu zuen Donostiako Udalaren ukazio hori, baina 13 zenbakiaren madarikazioa gainditu (hamahiru urte bete dira Txillardegi hil zenetik, 2012ko urtarrilaren 14an, 82 urte zituela) eta datorren urtean 14. urtea izanen dela adierazi zuen Fito Rodriguezek. Hortik ekitaldiaren goiburua: “Badok/n hamahiru!”. «Denok elkar hartuta lortuko dugu, eta ez badugu lortzen ere, hemen izango gara, ziur», agindu zuen.
Plazan ziren Juan Karlos Izagirre, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena EH Bilduko ordezkariak; Udal gobernuko kiderik ez genuen ikusi, ordea. «Hiri honek Txillardegirekin duen zorra kitatzeko garaia da», erran zuen alkate ohi eta Udaleko koalizio abertzalearen bozeramaileak.
Ianitz eta Sua Enparantzak musikaz eta dantzaz jantzi zuten ekitaldia, eta txilarra ere landatu zuten.
JAKES LAFFITE
Gonbidatu berezia Jakes Laffite izan zen. 1947an sortu zen Okzitaniako Tolosan. Ingeniaria da eta errepideak egiten ibili zen Amerikan, Asian zein Afrikan. 1972tik euskaldun berria, Txillardegirekin ikasi zuen Baionan. Azken urteetan idazteari emana dago eta bederatzi pastoral sortu ditu, azkena Jose Luis Alvarezi eskainia.
Laffitek idazleak egindako bidea oroitu zuen: frankismoaren bukaeran Iparraldera ihes egin zuenekoa, Hazparneko kolegioan matematika irakatsi zuenekoa eta euskara batuaren oinarriak ezarri zituenekoa. Beti ados izan da harekin: «Euskarak egiten du Euskal Herria». Euskararen aldeko borroka ez da bukatua, eta lan horretan Alvarezen grina hori gogoan edukitzera dei egin zuen.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
