Gasteizek 32 kamera jarriko ditu Jundizen, lasterketak ekiditeko
Autoen arteko lasterketak egin ez daitezen, Gasteizko Udalak 32 kamera jarriko ditu Jundiz industrialdeko sarbideetan. Zehazki, «legez kanpoko jarduerak» prebenitzeko helburuarekin egingo dute, duela urtebete bi gazte hil ziren auto lasterketa gogoan izanda.

Gasteizko Udalak Jundiz industrialdeko hiru sarbide nagusietan matrikulak irakurtzeko eta zaintzako 32 kamera jarriko dituela iragarri zuen atzo. Sistema berria hurrengo asteotan jarriko dute abian eta bide-segurtasuna bermatzea eta «legez kanpoko jarduerak» prebenitzea du helburu; batez ere, orain justu urtebete gertatu zen istripuaren ondoren. Bi gazte, Cristian eta Izaro, hil ziren orduan, bi autoren arteko lasterketa batean haietako batek gazteak zihoazen ibilgailuaren aurka talka egin ostean.
Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek esan zuen atzokoa «oroipena eta konpromisoa oinarri dituen eguna» zela, horrelako tragediak berriro gerta ez daitezen esku hartzeak duen garrantzia nabarmentzearekin batera.
Azaldu zuenez, besteak beste, alkoholarekin, drogarekin eta herritarren segurtasunarekin lotutako kontrolak egin dira eta puntu estrategikoetan Udaltzaingoa egon da. Hala ere, zenbait aukera aztertu ondoren, hala nola abiadura murrizteko elementu fisikoak jartzea edo gaueko aparkalekuak kentzea, ondorioztatu zuten zaintza-kamerak jartzea zela neurririk eraginkorrena.
Hala, 32 kamerak industrialdeko sarrera nagusietan jarriko dira: A-1 errepidetik doan sarreran, Zurrupitieta kaletik, Gasteiztik egindako sarreran, Mercedes-Benz fabrikaren parean, Lermandabidea kalean, eta N-120 errepidetik doan hegoaldeko sarreran, Mendigorritxu kaletik.
«Bi funtzio izango dituzte kamerek: alde batetik, legez kanpoko jarduerak egin nahi dituztenei asmoa kentzea eta kontroleko, prebentzioko eta zigortzeko tresna gisa jardutea, arduradunak identifikatu ahal izanda», azpimarratu zuen. Gainera, erantsi zuen baliabide horiek industrialdeko mugikortasunari buruzko informazio baliotsua eskainiko dutela eta, hala, funtsezko eremu horretan zirkulazioaren plangintza eta kudeaketa hobetu ahal izango direla.
Sistemak, irudiak erregistratzeaz gain, informazioa bidaliko dio Poliziari, eta legez kanpoko jarduerei lotutakoen zerrenda beltzak dituzten datuen gurutzaketa egingo du.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
