«Ez da onargarria horrelako erabaki bat hartzea elkarrizketarik izan gabe»
Nafarroako Gobernuko ordezkaritza bat Madrilen izan zen iragan ostiralean, exekutibo zentralarekin eta Alemaniako BSH enpresarekin biltzeko. Han izan zen Mikel Irujo, Nafarroako Industria kontseilaria, eta nondik norakoak NAIZ Irratian eman zituen atzo.

Nafarroako Gobernuaren eta enpresa komitearen arteko lehenengo bilkura joan den udaberrian izan zen, inbertsio falta zegoela-eta, nola kudeatu pentsatzeko asmoz. BSH enpresako Alemaniako zuzendaritzarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, eta horretan ibili da Mikel Irujo Industria kontseilaria azken hilabeteetan, erantzunik jaso gabe. Ustekabean harrapatu zuen Nafarroako Gobernua abenduaren 16an BSHk lantokia ixteko asmoaren berri eman izanak.
Horren ondotik, pasatu den ostiralean bildu ziren Madrilen BSH taldeko Alemaniako zuzendaritzako bi ordezkari Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin eta Jordi Hereu Espainiako Industria ministroarekin. Han erabaki zuten Ezkirozko fabrikaren etorkizunaz eztabaidatzeko lantalde bat sortzea.
ZENBAIT HAUSNARKETA
Irujok NAIZ irratiari atzo azaldu zion Alemanian jada zenbait kontu mahai gainean jarri dituztela. «Azaldu ziguten lehiakortasun galera bat, merkatu kuota galtzea dela itxieraren arrazoia», esan zuen Industria kontseilariak.
Baina badira beste zenbait gako, Irujoren iritziz «hausnarketarako aukera ere eman dezaketenak». Lehenengoa, Txina hartzen ari den makrofabriken eredua: «Milioika unitate ekoizteko prest dauden makrofabriken estrategia du Txinak. Europak horren aurka nola lehiatu behar duen pentsatu behar dugu».
Bigarrena, «gizarte hausnarketa» bezala kalifikatu zuen kontseilariak, izan ere, azaldu zuen erosleak gero eta gehiago pentsatzen duela prezioan kalitatean baino: «Akaso pentsatu beharko genuke garbigailu bat erostean 80 euro aurrezteak atzean duenaz. Txinatik etortzen den konpetentziak Europan ez ekoiztea dakar. Azken finean gure erabakiak eragina du gure industrian».
Hala ere, Mikel Irujok argi utzi zuen «inoiz galerarik izan ez duen» enpresa dela BSH. Elkarrizketarako deia egin zuen: «Horrelako erabaki bat Nafarroako Gobernuarekin eta Espainiako Lan Ministerioarekin elkarrizketarik izan gabe hartzea ez da onargarria».
Nafarroak «asko» eskaintzen dio industriari, Irujoren arabera. Eta azaldu zuen, hain zuzen, hori dela Nafarroako Gobernuak hurrengo bileran mahai gainean jarriko duena. «Guk badakigu zer proposatu dezakegun lurralde bezala: formakuntza sistema oso altua dugu, gure estrategiarekin bat egiten duten hiru unibertsitate, sei zentro teknologiko, hiru ikerkuntza zentro...».
Adierazi zuen, Nafarroako BPGaren %31 industria izanik, «Europa mailako altuena ia-ia», hori dela lurraldearen «indar handiena», zerbitzu «pila bat» eskaintzen dizkiotelako.

El sindicato ALMA se solidariza con el guionista de «Allí abajo»

«Gure burua defendatzeko erabakimena zigortu nahi dute»

Bilbo, Donostia, Iruñea, Lekaroz... los vídeos inéditos de la Guerra del 36

Roto el orden, Andoni deja paso a la ambición de Aitor
