H. ABRISKETA - A. IBARRA
BAIONA
Entrevista
Erik Etxart
Seaskako lehendakarikidea

«Gobernantza egiteko beste manera bat da lehendakaritza partekatua»

Urtarrilaren 13az geroztik, Seaskako lehendakari kargua osatzen dute ofizialki Erik Etxart-ek, Sophie Layus-ek eta Antton Etxeberrik. “Kazeta” atariari eskainitako elkarrizketan lehendakaritza hirukoitzaren funtzionamenduaz eta parean dituen erronkez aritu da Erik Etxart, bozeramaile ardura hartu berri duelarik .

(Patxi BELTZAIZ)

Hiru lehendakarik hartu duzue Peio Jorajuriaren lekukoa. Zertan datza hautatu duzuen gobernantza eredua?

Iruditzen zaigu lehendakaritza partekatua manera dela beste itxura bateko gobernantza egiteko. Ikastola anitzetan orain bi lehendakari dira, eta guk ere ez genuen gaizki ikusten horrelako proposamen bat egitea. Ondotik ere aldaketak gertatzeko aiseago izaten ahal dela iruditzen zaigu. Gure karguek berez ez dute mugarik, nahi delarik uzten da. Muga da haurrak eskolatuak izan behar direla; horrek eginen du gure kargualdiaren iraupena.

Ardura banaketari dagokionez, laburbiltzeko, Sophie Layusek hartuko du alde sozialaren jarraipena: Seaskako langileak, Hezkunde Nazionala eta horrekin lotua den guziarekin harremanak, eta ikastoletako gai sozialak, lan-hitzarmenak eta abar. Antton Etxeberrik ikastolekin harremanak eginen ditu: beharrak, garapena… baita Herriko Etxeekin ere. Nik, berriz, komunikazioa eta, aldi berean, Euskal Herriko erakundeekin eta ikastolen antolakuntzarekin harremanak eginen ditut. Nik segitzen dut, lehendakaritzatik, lizeoaren garapenaren gaia ere, horretarako baden batzorde berezian.

Ba al da beste lizeo bat egiteko borondatea?

Duela bi urte bagenekien azken bi urteetan Baionako lizeoa beteko zela. Gainera, uste baino fiteago bete da; aurten jada saturazio maila pasa dugu. Duela urte eta erdi, gogoeta talde bat abiatu zen, batzorde bat. Orduz geroztik, kasik bizpahiru aste guziz bildu gara. Hasi eta laster erabaki zen bigarren lizeo bat egitea. Baionan eremuz justu ginen han dena handitzeko, eta egoki ikusten genuen beste lizeo ttipiago bat egitea beste nonbait.

Erabaki zen sail profesionalak eta irekitzea ere, eta lizeo berriarekin nahi genituzke ireki. Jada orain ditugun ikasleekin, sail berriak zabaldu gabe ere, badakigu Baionako lizeoa ttipiegia dela. Gero eta ikasle gehiagok erabakitzen dute lizeoan Seaskan jarraitzea.

Azken urteetan, ikastoletan sartzen den ikasle kopurua ez da apaldu, eta ez da goiti joan ere, mementoan berdin gelditu da. Proportzioetan, baina, goiti doa, demografikoki kopuruak apaltzen ari baitira. Orotara, 4.300 ikasle ditugu, eta gorakada, bereziki, bigarren mailan da, eta oraino segituko du ondoko urteetan.

Epe motzean, zein beste behar dituzue aitzinean?

Lizeoarenaz aparte, ikastola batzuetan badugu handitzeko beharra. Beskoitzen badugu eraikitzeko proiektua, baina beste ikastola batzuetan, Bardozen, Biriatun, Bokalen badakigu ondoko urteetan soluzioak landu beharko ditugula, eraikitze edo zaharberritze proiektuak. Baionako kolegioan ere badakigu kopuruak goiti joanen direla; beraz, han ere proiektu bat pentsatu beharko dugu.

Ikastola berriak irekitzeko, aukerarik balitz, ez dugu borta ixten, baizik eta kontrakoa. Euskarazko irakaskuntzak presazko lana du egiteko. Badakigu euskaldun kopurua igotzen ez bada zaila izanen dela euskal komunitate bat izatea; beraz, badakigu tentsio horrekin behar dugula bizi. Asmoa da gure eskaintza zabaltzea eta geroz eta familia gehiagok ikastolaren alde egitea.

Nola aurre egiten ahal dio Seaskak errealitate soziolinguistikoari ?

Hizkuntza batek bizitzeko gutienez %30eko hiztun kopurua behar du. Iparraldean, anitz falta da eta ez dugu dudarik Seaskak bere zatia egin behar duela, bere ekarpena sekula baino beharrezkoagoa dela. Gure eskaintza zabaldu behar dugu eta erakundeek eta gizarteak lagundu behar gaituzte.