GARA
ESKUBALOIA

Bartzelona, Bidasoa Irunen aurkaria Kopan

Zaleek urrutira joian beharko dute animatzera.
Zaleek urrutira joian beharko dute animatzera. (G. RUBIO | FOKU)

Ez du zorterik eduki Bidasoa Irunek atzo egin zen Espainiako Kopako zozketan. Izan ere, irundarrek Bartzelonaren aurka jokatu beharko dute finalerdia. Garaipena besterik ez dute behar partida bakarrera jokatuko den kanporaketan finalera sailkatu eta garaikurra altxatzea lortzeko. Baina, gaur egun gauzak nola dauden ikusita, Barçari irabaztea ia ezinezkoa da.

Eta ‘ia’ hori baliatu nahi dute bidasotarrek. Hau da, ezustekoa eman ondoren, finalean, beste aurkari gogor bat izanda ere, ‘errazagoa’ izan daitekeelako. Ez da hirugarren eta laugarren posturik egongo.

Asobal Ligako lehen itzuliko lau sailkatu onenak hartzen dituen txapelketa hau otsailaren 8an eta 9an jokatuko da Lanzaroten, Liga berriro martxan jartzen denean, Munduko Txapelketa dela-eta.

Beste finalerdia Torrelavegak eta Granollersek jokatuko dute. Finalerdiak otsailaren 8an jokatuko dira: Barça-Bidasoa (16.00, Euskal Herriko ordutegia) eta Torrelavega-Granollers (18.15). Finala, berriz, otsailaren 9an izango da, eguerdiko 13.00etan.

Kasualitateak kasualitate, Arrecifen jokatuko den Minikopan ere kanporaketa berberak jokatuko dira. Kasu honetan, ordea, hirugarren eta laugarren posturako neurketa jokatuko da.

PRESTAKETA LANETAN

Ligak geldialdia duenez, Bidasoa hilaren 7an bueltatu zen lanera, hurrengo konpromisoak prestatzen hasteko. Esteban eta Rodrigo Salinas (Txile), Dariel Garcia (Kuba) eta Maciel (Argentina) jokalariak Munduko Txapelketan daude. Horrela, Aimar Iriarte, Mikel Ollo, Eñaut Iragorri eta Oihan Arruti, baita Ander Garcia Hondarribiko seniorreko atezaina ere, jubenil mailako jokalariak ari dira lanean.

Bidasoa Irunek zenbait lagunarteko jokatuko ditu egun hauetan. Handballeko Rencontres Internationales-en parte hartuko du, Dunquerque (gaur, 19.00etan) eta Nimes (bihar, 19:00etan) taldeen aurka. Hilaren 22an, Eibarren, Eibar Eskubaloiaren aurka arituko da Euskal Kopako finalerdian. Eta hilaren 31n, Billeren, Pau Billere Handball taldearen aurka jokatuko du.