G.I.
HERNANI
SEVERANCE (2. DENBORALDIA)

Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi?

Apple Tv+ plataformak, 2022an, azken urteotako telesailik interesgarrienetakoa estreinatu zuen: “Severance” (“Separación”). Hiru urteren ostean bigarren denboraldia iritsi da.

Mark Scoutek lantalde bat zuzenduko du Lumon Industries izeneko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude: lan eremuko eta bizitza pertsonaleko oroitzapenak guztiz bereiztea eragingo du horrek. «Bizitzeko lan egin ala lan egiteko bizi?». Hori da serieak zabalduko duen galdera nagusietako bat.

Lanean dauden bitartean ez dute bizitza pertsonaleko ezer oroitzen, ezertxo ere ez; ez dakite non bizi diren, familiarik duten ala ez, edo zoriontsu ala triste bizi diren, esate baterako. Laneko ateak zeharkatu eta bizitza pertsonalera bueltatzen direnean, aldiz, alderantzizkoa gertatzen da. Badakite fisikoki non lan egiten duten, baina ez dakite zer lan mota egiten duten, zein diren lankideak, lana gorroto duten ala ez, eta abar.

Lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka makabro eta harrigarri honetan kokatzen den esperimentu ausarta da “Severance”.

Gainera, lehen mailako aktore zerrenda ageri da: Adam Scott, Patricia Arquette, John Turturro eta Christopher Walken, besteak beste.