GARA
GASTEIZ

Erreserbak jaitsi direnez, odola emateko deia egin du Osakidetzak

Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak odola emateko deia egin diete herritarrei. Ohikoa denez, Gabonetako jaien ondorengo egunetan zaila izaten da erietxeetan odol osagaiak hornitzea, erreserba mailak behera egin duelako. Iaz 79.032 odol emate erregistratu ziren.

Odola ematen, Sestaon.
Odola ematen, Sestaon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Odola emateko deia egin zuen atzo Osakidetzak, Gabonen ondoren defizit nabaria egiaztatu ondoren.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak gogorarazi zuen odola ematea dela oraindik modu bakarra, transfusiorako edo plasmatik eratorritako sendagaiak egiteko osagai ugari lortzeko, osasun jardueran ezinbestekoak diren osagaiak, hain zuzen ere.

Odol osagaien erreserba mailak ohiko mugetatik behera daude, eta egoera horri eragiten dio, gainera, urtaro honetan izaten den birus eta arnas infekzioen hazkundeak. Odol talde ia guztietan hobetu behar dira erreserbak.

Hala, Osasun Sailak eta Osakidetzak laguntza eskatu diete noizbait odola eman dutenei eta urratsa ematea pentsatu baina oraindik egin ez dutenei, behar duten paziente guztiei arreta medikoa bermatze aldera.

«Odola ematea da Euskadin egunero 200 pertsona ingururen bizi tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra», zehaztu zuen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak.

Alde horretatik, gogorarazi zuten odola ematen den bakoitzean dozenaka pertsonari lagundu ahal zaiola, odola hainbat osagaitan banatzen baita, eta, osagai horien bidez, hainbat behar mediko artatzen baitira, hala nola tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak edo larrialdiak, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaiak.

Odola emateko bete beharreko baldintzak dira 18 eta 65 urte bitarte izatea, osasun egoera onean egotea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko EAEko hiru lurraldeetan banatutako gune finkoak eta unitate mugikorrak eta beraien webgunean kontsulta daitezke.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 79.032 odol emate erregistratu ziren 2024an, 46.844 emaileren aldetik, gehienak ohikoak eta modu erregularrean odola ematen dutenak (urtean bitan edo gehiagotan), eta 6.567 emaile berri izan zirela nabarmendu zuten. Guztira, 30.000 pertsona baino gehiago izan ziren produktu horien onuradunak.