GARA
BILBO

Eskola publikoa «erdigunean» jartzea eskatu dute, hamabi greben atarian

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan deitu dituzten hamabi greba egunak erregistratu zituzten atzo. Sukaldeko eta garbiketako langileak, irakasleak eta haur eskoletako langileak, talde bakoitzak lau greba egun egingo ditu urtarrilean eta otsailean.

Greba dinamika erregistratu zuten, atzo, sindikatuetako ordezkariek.
Greba dinamika erregistratu zuten, atzo, sindikatuetako ordezkariek. (LAB)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan urtarril eta otsailerako deitu dituzten hamabi greba egunak erregistratu zituzten atzo LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzan. Hezkuntza publikoan aritzen diren irakasleak, sukaldetako eta garbiketako eta Haurreskolak Partzuergoko langileak grebara deituta daude.

Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa publikoa handitu dezala exijitu zioten, langileon lan baldintzak hobetu eta «eskola publikoa erdigunean» jarri dezala. Gogoratu zuten aipatutako kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daudela. Hezkuntza Saila berria izanik ere, «aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen» jarraitzen du «langile eta hezkuntza komunitatearen kaltetan» eta, «sindikatuon eskaerei muzin eginez, eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak deitzen» segitzen du.

Sindikatuen arabera, 2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein sukalde eta garbiketako langileen hitzarmenak, eta 2010ekoa irakasleena. «15 urte luzeren ondoren», nabarmendu zuten, «bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatzeko, atzerapausoak bertan behera uzteko eta langileon lan baldintzak hobetzeko».

Nahiz eta grebara deitutako kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, zazpi aldarrikapen komun adostu dituzte LAB, Steilas, ELA eta CCOOk: «Gero eta handiagoak diren lan zamak arintzeko» neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko «plantillen gazteberritze plana garatzea», galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta «jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusioen eta itxieren aurrean enplegua bermatzea».

Horrekin batera, «hezkuntza publikoko sistema osoa» euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, «langileon lan osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak» ezartzea eta «kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea» eskatzen dute.

Greba deialdiak honakoak dira: irakasleak urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26an eta 27an; Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta sukalde eta garbiketako langileak urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.

Lanuzte horietaz gain, ostiraletan dinamika bat martxan jartzekotan dira. Beharginei parte hartzeko deia egin zieten, «adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziazio erreala mobilizazioen eskutik etorriko baita».

HEZKUNTZA SAILAREN OHARRA

Greba hauen harira, Lakuako Hezkuntza Sailak oharra bidali zien ikastetxe publikoetako gurasoei eta «lasaitasuna» eskatu zien. Zioenez, «urteak» daramatza «ikastetxeetan egunero dedikazioarekin eta konpromisoarekin lan egiten duten hezitzaileen lan baldintzak hobetzeko ahalegin sendoa egiten», eta «soldaten hobekuntza, uztartze neurriak, ratioen eta eskola orduen murrizketa eta langileen egonkortasun eta gaztetze planak dira akordio esanguratsuak lortzeko gure borondatearen erakusgarri diren aurrerapenetako batzuk».

Lakuaren arabera, sindikatuekin negoziatzen jarraitzeko «2024-2025 ikasturterako ezarritako bileren agenda abian da, egutegian jada finkatutako saioekin eta negoziazio mahaiei buruzko proposamen argi eta handinahiekin».