Agur, amatxu
Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala. Jada hilabete bat, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren azken egunetan, ama lurra poliki esnatzen hasi baino lehen, goxoki hartu zintuen magalean, betikotasunean. Arinegi joan zara, jubilatu berri, familia, lagun, auzo, batukada eta abarrez aski gozatu gabe.
Baina heriotzari aurrez aurre begiratu zenion hasieratik, zetorrena onartuz, tabuaren gainetik agurtzeko denborari zukua ateraz, azken minutura arte eredugarri, azken segundora arte eskuzabal, ingurukooi bidea oso erraza eginez. Ezin genizun gehiago eskatu, ezin gara zutaz harroago egon, amatxu.
Minbiziari eta mendekotasunari beldur zenion. Seguraski zure eskutik joan ziren hainbat senide eta lagunen zaintzan horrenbeste inplikatu izanagatik. Elene, Amama, Martita, Karmen, Marisol... doazkie beraientzat muxu eta oroitzapen gordeak. Galera horiek argitu zuten hein batean zure-gure bidea.
Lau-bost hilabete izan dira albistea harritzar bat bezala gainera erori zitzaigunetik. Baina zelako adorea eta erresilientzia izan duzun gaixotasunaren aurrean, ironia, jenio eta buru gogorkeria pixka batekin nahastuta noski. Aupa zu, txapelduna!
Hasieran surrealista iruditzen zitzaidana naturaltasunez hiper-errealista bilakatu dugu. Ze polita izan den zurekin azken bidea lasaitasunez eta goxo egitea: konplexurik gabe, eskela, kartela, gutuna, beila, musika, argazkiak... amaiera elkarlanean antolatzea. Egia esan, ez dut agurtzeko modu ederragorik ikusten orain.
Eta Osakidetzari zer esango diogu, ba, ama? Denaren gainetik, eskerrik asko bihotzez, heriotza duinaren bidean konplize izan zaituztegun profesional guztiei; badakigu eutanasiaren gaia ez dela erraza, berriegia agian, baina hor egon zarete, eskutik eskura mina denon artean baretuz.
Hala ere, kale egin dizutenak ere badira. Badakit, hau ez da zure estiloa, beti umila, isila, txikitasunean handia izan zarelako. Baina esan beharra dut eta badoa: Bai, zuetaz ari naiz, prebentzioan, lehen arretan, onkologikoan edo psikologian izan badirelako oztopoak, inbertsio eta formakuntza falta, enpatia edo profesionaltasun eza duten pertsonak, arduradunak, programak, sistema puskatua.
Zoritxarrez ama, ez zara izan lehena ezta azkena izango ere. Amorrua tristurarekin korapilatuak ditut egun zail hauetan.
Auzo lotsa ematen dit minbiziaren aurkako elkarteak musu-truk eskaintzen dituen hainbat eta hainbat zerbitzuek nola betetzen dituzten gure osasun sistemaren hutsuneak, dramak. Nola heldu gara egoera honetara? Oso eskertuta gauden arren, ez da zilegi pertsona eta erakunde pribatuek finantziatzea gure beharrizanak. Eta hau ere ozen esan beharra dago.
Bestalde, azken asteetan jaso ditugun ehunka mezu, muxu eta besarkada horien igorleei zer esan? Itzela izan dela benetan jasotako maitasun zirimiria. Hunkiturik, zuen berotasunez blai eginda, laguntza eskaintza bakoitzari erantzun bakarra otu zait: segi, mesedez, amak amestu zuen euskal herria feminista eta errebeldea eraikitzen, zaintzen.
Eta bide batez, berandu baino lehen, jarrai dezagun heriotzaz ere mintzatzen, jaiotzarekin batera, ez baita gauza naturalagorik. Sentimenduak askatu, idatzi, marraztu, dantzatu, hanka sartu, laztandu eta ondokoekin gozatu, Edurnek nahiko lukeen bezala.
Agur, sorgin, ilargipean eguzki-lore lagun eta babesle fin. Mafaldak ere ez zaitu ahaztuko!

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
