Amazig urte berria ospatu dute Bilbon, Miribilla jai giroan murgilduta
Amazig komunitateak Bilboko Miribillan ospatu zuen atzo urte berria. Jai giroa nagusi izan zen egun osoan zehar, besteak beste, haurrentzako puzgarriak eta tailerrak eta eskulangintza tradizionala izan baitziren. Halaber, edari eta jaki tipikoak dastatzeko aukera eduki zuten, baita kontzertuez gozatzekoa ere. Urtero legez, Agharas elkarteak prestatu zuen jaia. Hamar urte daramatzate hau antolatzen, aurten lehen aldiz Miribillan.

Agharas Bizkaiko gazte imazigen elkarteak antolatuta, amazig urte berria ospatu zuten atzo Bilboko Miribillan. Egun osoko egitaraua antolatu zuten, Euskal Herriko amazig komunitateak Aseggas Amaynu ospakizuna elkarrekin egiteko parada izan zezan.
Aseggas Amaynu amazig urte berriaren ospakizuna da. Yennayer eguna, hots, Ipar Afrikako jatorrizko biztanleek antzinatik erabili izan duten nekazaritza egutegiaren lehen eguna, bat dator urtarrilaren 12arekin. Amazig komunitateak jai eguna aldarrikatzen du, desagertzeko mehatxupean dagoela eta, horregatik, festa tradizionala berreskuratzea premiazkoa dute.
Urtarrilaren 12 honetan amazig aroko 2975. urtea ospatu zuten eta Euskal Herriko imazigek Miribillan izan zuten hitzordua atzo. Agharas elkartea 2015ean antolatzen hasi zen festa hau. Hasieran Barakaldon egiten zuten, baina garrantzi gero eta handiagoa hartzen ari zela ikusrik, Bilbon ospatzen dute 2023tik aurrera. Deialdiaren arrakastaren adierazgarri da, hain zuzen ere, Bilbao Arena aukeratu izana.
Sarrerak aurretiaz zein leihatilan bertan saldu zituzten, eta «sarrera solidarioak» erosteko aukera ere izan zen, baliabide ekonomikorik gabekoek ere bertaratzeko aukera izan zezatela bermatzeko. Hamar urtera arteko umeek, ordea, sarrerarik ordaindu gabe sartzeko abagunea izan zuten.
Ateak 11.00etan ireki zituzten, eta egun osoan zehar izan ziren haurrentzako tailerrak eta puzgarriak, amazig eskulangintza, photocall-a eta beste hainbat jarduera.
Horrez gainera, janari eta edari tipikoak dastatzeko parada ere izan zen. Halaber, bertan aurkeztu zuten Awal proiektua. Komunitateak tamazigt hizkuntza mundu digitalean sustatzeko bultzatutako ekimena da, Kataluniako CIEMEN elkarteak 2022an abiatutakoa.
Musika jaialdiarekin ospatu zuten urte berria 18.00etatik 22.00etara bitarte. Kontzertua eskaini zuten Abdelhak Azrou, Lahcen Olavi, Taghufi Band, Bahha Amzian, Ifrahne Ouchribou eta Aicha Maya eta Kuttune artistek.
JAI TRADIZIONALA
Urte berria ospatzeko egiten den jaia aldatu egiten da herrialdeen arabera, nahiz eta guztiek amankomunean duten familiartean ospatzen dutela.
Jai honen bereizgarria den plater ohikoena zazpi barazkiz prestatutako kuskusa da, eta herri askotan animalia baten sakrifizioarekin laguntzen da, normalean oilaskoa, saltsa gorri batekin kozinatzen dena, Sheshonq I faraoiaren 4 tropek bere garaipena ospatzeko dozenaka oilo sakrifikatu izana oroitzeko.
Fruitu lehorrak eta beste plater tradizional batzuk ere dastatzen dituzte, tajinea kasurako. Eta musika eta dantza tradizionala izaten dira protagonistetako batzuk. Etxe askotan, gainera, helduek gozoak botatzen dituzte haur txikien burutik behera, etorkizun oparoa ziurtatzeko asmoz.
BIZIKIDETZA SUSTATZEKO
Bizkaiko imazigen gazte elkartea Barakaldon errotutako gizarte erakundea da, 2013an herrian bizi ziren amazig gazte talde batek sortu zuena, kulturarteko sentsibilizazioa eta gizarte kohesioa sustatzea xede.
Elkartearen helburu nagusiak honakoak dira: Bizkaian bizi diren imazigen etorkinei gizarteratzea erraztea, migratzaileen eta bertako biztanleriaren arteko harremanak sustatzea, eta artea, kultura eta tamazigt hizkuntza albait gehiena sustatzea.
Gaur egun, 50 boluntariotik gora lanean ari dira Agharasen, honako hiru ildotan: kultura arteko bizikidetza, harrera eta amazig kulturaren sustapena.
Kultura arteko Bizikidetzaren arloan, Eskutik Eskura bezalako proiektuen bidez lan egiten dute, besteak beste, ikastetxeetan garatzen dituztenak, amazigen kultura eta historia zein Afrika iparraldeko migratzaileek Euskal Herrian bizi duten errealitatea ezagutzera emate aldera.
Gainera, kultura trukea eta kulturen arteko bizikidetzaren aldeko lanean ere ibiltzen dira. Esate baterako, euskarazko eta arabierazko ikastaroak, bikote linguistikoak, musika talde bat eta antzerki talde bat bultzatuz, baita jai guneetan parte hartuta ere.
Harrera lamildoaren barruan, Barakaldon gizarte bazterkeria egoeran dauden gazteak artatzen ditu Agharasek. Etxerik gabe dauden gazteek egoera horretarik atera ahal izateko oinarri komunitarioa duen harrera pisu bat edukitzeaz gain, jantoki sozial bat ere badute, astean hiru egunetan afariak ematen dizkiena baliabiderik ez duten pertsonei Barakaldon, eta espazio bat eskaintzen dute kaleko egoeran dauden pertsonak dutxatu daitezen eta arropa garbitu dezaten.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
