Maite UBIRIA
HAZPARNE

Laborantza sindikatuen ordezkariek erronkak aletu dituzte Hazparnen

Euskal Hedabideek antolaturiko eztabaidaren karietara, haien etxaldeetan dituzten eguneroko beharrak edo arrangurak momentu batez alboratuz, Hazparneko Armand David lizeoan ikasten duten gazteekin buruz eta bihotzez mintzatu dira hiru laborantza sindikatuetako ordezkariak.

FDSEA eta ELB sindikatuek defendatzen dituzten ereduen arteko talkak azaleratu ziren lehen mahai inguruan.
FDSEA eta ELB sindikatuek defendatzen dituzten ereduen arteko talkak azaleratu ziren lehen mahai inguruan. (Patxi BELTZAIZ)

Armand David lizeoan ikasten duten gazteek ikasgelan landu zuten, urtarrilaren 14an, laborantzan aritzeak eskatzen duen engaiamenduaren gaia, eta 20.00etatik goiti galderak pausatu ahal izan zizkieten Euskal Hedabideek antolaturik bi mahai ingurutan banaturiko eztabaidan parte hartu zuten sindikatuen ordezkariei. Lehenengo solasaldian Sebastien Uthurriague (FDSEA /JA64), Maritxu Lopepe (ELB) eta Jean-Pierre Suhit (Coordination Rurale) aritu ziren.

Engaiamendua ardatz, iaz Estatu frantsesean pizturiko blokeo ekintzak gogora ekarri zituen, mikrofonoa hartu eta berehala, Barkoxen etxaldea duen Jean-Pierre Suhitek. Paueko Laborantza Ganberako FDSEA sindikatuak aurkeztuko duen zerrendan bigarren tokian doan Sebastien Uthurriaguek, bestalde, laborarien bizimodua hobetze aldera erakunde ezberdinetan garaturiko lana ekarri zuen solasera, dispositibo ezberdinak aipatuz. Maritxu Lopepek biribildu zuen hastapeneko hitzartzea. «Laborantza maite dut eta injustizia soziala, aldiz, ez dut soportatzen. Horregatik sartu nintzen ELBn, hemengo laborarien alde batailatu nahi nuelako», laburbildu zuen.

Sar-hitza eginik, laborantzaren egoerari heldu zioten mintzakideek. Uthurriagueren hitzetan, «osasun krisia, krisi ekonomikoa eta klimaren auziak» egun laborariek bizi duten paisaia lainotsua marrazten dute. Hala eta guztiz ere, departamendu mailan indar nagusia den FDSEAko hautagaiak baikortasun zertzelada eman zuen, iaz 140 bat instalatze izan zirela nabarmenduz.

Lopepek ELBk bere sorreratik euskal laborantza erdigunean emanez garatu duen lana azaldu zuen, ibilbide horretan Paueko ganberatik jasotako «mespretxua» deitoratu zuela. Dena den, engaiamenduak emandako fruituak goraipatu zituen. Hala, Euskal Herriko Laborantza Ganbera (EHLG), baita Lurzaindia, Buru Beltz edo Arrapitz elkarteak ere, aipagai izan zituen. «Hemen sortu ditugun tresnekin aitzinatu gara, zerbitzu eta formakuntzekin mendiko laborantza lagunduz, esaterako, pettarretan diren etxaldeen alde laguntzak lortuz. Guretzat inportantea da azkarki lanean segitzea», defendatu zuen.

Coordination Rurale-ren izenean mintzatzeko Larrainetik heldutako Jean-Pierre Suhitek azpimarra egin zion Angeluko hiltegiaren harira eramandako protestari.

Yoan Casino ikasleak bota zuen galderari erantzunez, hiru laboraritatik bat erretretara partitzeko zorian delarik, politika publiko azkarrak galdetu zituen gazteen instalazioari laguntzeko Lopepek. Era berean, belaunaldi berriak erakartzeko «ofizioak behar ditu bizi baldintza normalak, eta egiten den lanaren trukean diru sari duinak ziurtatu», gehitu zuen ELBko zerrendako bigarrenak.

Etxalde ttipi eta ertainen egoera lehen planora ekarriz, hazkurri industriaren mesedetan ezarritako egitasmoak zorrotz kritikatu zituen, bertze sindikatuak «betiko modeloaren alde» lerratzen direla agerian emateko. «ELBrentzat handitzea hitz itsusia da beti», bota zuen, arrapostuan, Sebastien Uthurriaguek, behin baino gehiagotan FDSEAk «laborantza molde guziak defendatzen dituela» berretsi zuela.

Osasun egoeraz, bata bestearen atzean heltzen diren krisiek laborariengan sortzen duten arrangura aipatu zuen FDSEAko hautagaiak. Lopepek protokoloak egokiak ez direla salatu zuen ondotik. Hala nola ahate gripearen izurritearen aitzinean agindutako hiltzeak auzian eman eta behi tuberkulosiaren kasuan bere sindikatuak aitzinatu bezala, kabala sanoak hiltzera behartuko ez lukeen protokoloa eman zuen gauzak beste maneran egiteko eredu gisara.

«Arrazoia ematen diot Maritxuri hiltzeko agindu orokor horiek, kabala sanoak hiltzea, ez dela logikoa», baieztatu zuen CRko ordezkariak.

Sormarkaren atalean, kontent azaldu zen Paueko ganberan agintean den sindikatuko bozeramailea, «esneak prezio hobeak egiten dituelako gure departamenduan». ELBko ordezkariak, berriz, joera hori aldatzeko lanjeraz ohartaziz, «sormarkaren barnean eta hortik kanpo ekoizten den esnearen prezioek diferentzia gehiago hartu behar luketela» defendatu zuen.

LABORANTZA ERAKUNDE PUBLIKOA: FDSEA, KONTRA

Pauen nagusitzen den sindikatua eta Ipar Euskal Herrian indar gehien duen zentralaren artean dagoen eredu talkak markatu zuen lehen mahai ingurua. Hala, ikusmolde guziz diferenteak erakutsi zituzten sortzekotan den laborantzaren erakunde publikoari buruz. Egiturak alferrik biderkatzen ari direla salatuz, Euskal Ekargoak bultzaturiko gunean ez duela parte hartuko baieztatu zuen FDSAko hautagaiak. CRko bozeramaleak ez zuen argitasun handirik eman. Lopepek, finean, «solas leku bat izanen da, beharrak ahalko dira bertan azaldu eta, menturaz, Elkargoaren buxetan eragin bat ukan», esan zuen.

Bigarren mahai inguruan Julen Perez, ELBko zerrendaburuak, Iban Pebet, FDSEA/JA hautagaitzaren laugarrenak, eta David Suzanne (Coordination Rurale) mintzatu ziren.

«Hemen badira asegurantzak, kooperatibak, zuzeneko salmentarako sareak.. bada zer egin, hori nahi diet erran gazteei», adierazi zuen Duzunaritze-Sarasketan aitaren etxaldeari segida eman zion Pebetek. Ahate krisia larruan pairatu du Julen Perezek. Esperientzia zail horretan oinarrituz, laborantza ikasketak egiten dituzten gazteei aitorpena egin zien: «Maitasun harreman bat dut laborantzarekin eta ELBko kideek eman zidaten laguntzarekin, esperantza piztu zidaten», aipatu zien, laborarientzat sindikatua euskarri sendo bat dela oroituz. Bat egin zuen mezu horrekin David Suzannek, bere kasuan CR sindikatua goraipatzeko.

«Ez naiz laborariaren semea. Behar izan dut mailegua eskatu. Lurzaindiak lagundu digu niri eta nire sozioari lurra lortzeko, beraz, laborari gazteek badute manera bat plantatzeko; ez da uzkur izan behar», adierazi zuen jarraian Perezek, bigarren oharra utziz: numerikoarekin behar da lan egin, aitzinamenduak ekartzen dituelako, baina «kasu eginez beti inbestizamenduari, zeren teknologia tresna berrien prezioa gora doa etengabe; ez, ordea, mozkinena». «Numerikoak lagundu dezake, baina mozkina da lehentasuna», berretsi zuen Suzannek. Bestalde, Pebetek azaldu zuen etxaldeen finantza kudeaketari buruz lizeoetan indar handiagoa behar dela.

Naroa Ferbenza ikasleak ezarri zuen ardatz berria, Mercosur eta aldaketa klimatikoaren eraginen gainean galdera pausatuz. FDSEAko ordezkariak bigarrenari erantzun zion, ikerketan konfiantza agertuz. ELB eta CRko bozeramaileak, beraien aldetik, klima aldaketari egokitzeko premia nabarmentzearekin batera, arrazoi diferenteak emanez, Mercosur tratatuaren kontra azaldu ziren.

«Formakuntzak behar du aitzinatu, aldaketa handiak datozelako. Gazteak aise galtzen ahal dira teknologiaren munduan, baina behar dute kontuak ateratzen ikasi», berretsi zuen ELBko zerrendaburuak, Ttittan Pochelu ikaslearen kuriositatea ase nahian.