Ion GARATE
Entrevista
Andrea Lusarreta Monreal
Nafarroako Pilota Federazioko presidentea

«Ezagutzen ez bada, nolatan egingo du norbaitek aukera pilotarako?»

Gaztea da , 28 urte ditu, baina kirol mundua barruraino ezagutzen du Andrea Lusarretak: palista da, Nafarroako txapeldun izandakoa, «Emakumea eta Pilota» batzordeko bozeramaile izana, Zizur Nagusiko Udalean kirol koordinatzailea, eta, orain, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea. Hori da «barruko txinpartak» eskatzen dionaren erantzuna.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

Gaztea, emakumea eta pilotaria da, Nafarroari lotua. Horrelakoa da Andrea Lusarreta, Nafarroako «Euskal Pilota Federazioko» presidente berria. Pilota munduan, haize freskoa ez ezik, gai berriak ere mahai gainean dira, gizarte aldakor baten erdian, eta Labion 1996an sortu zen honek badu hurrengo lau urteetan nahikoa lan; tartean, sortzeko bidean aurreneko urratsak egiten ari den euskal selekzioaren inguruko kontuetan, edo gazteak zein emakumeak pilotara erakartzen jarraitzeko eginbeharretan.

Nafarroako Pilota Federazioan sartu berritan, nondik dator presidente izan nahia?

Pilota asko maite dut. Bai jokalari moduan eta baita ikusle moduan ere.

Galdera honi erantzuteko, nik uste garrantzitsuena proiektuaren nondik norakoak aipatzea dela. Hilabeteetako lanaren fruitua da gu federaziora iritsi izana; azkenean, pilotak Nafarroan duen egoeraren analisia egiteko eta proiektuaren oinarriak lantzen hasteko klub ezberdinetako agente eta jende asko bildu zen. Zenbait bilera eta hilabete luzeren ostean, proiektu hori definitzen joan zen, eta filosofiarekin bat egiten zuten pertsonak bilatzen hasi ziren lidergo hori hartzeko. Pertsona horietako bat izan nintzen.

Erraza izan da kluben babesa?

Datu objektiboak erabiliko ditut. Asanbladak 30 eserleku ditu eta 30etik 27 lortu ditugu, eta 15 kluben babesa. Hain zuzen, 15 dira kluben estamentuan asanbladan parte har dezaketenak. Baina bai, saiatu gara herrialde zati guztiekin biltzen eta oso aberasgarria izan da bakoitzaren eguneroko errealitatea ezagutzeko.

Zeintzuk izango dira lantalde berri honen helburu nagusiak hurrengo urteetan?

Lehenbizi Nafarroan pilotak duen egoeraren analisi orokor bat egin behar dugu, ez bakarrik kirol arloari dagokionez, gainontzeko proiektu estrategikoetan ere murgilduko gara.

Egia da, halaber, urtarrilean sartu garela, kirol denboraldia abian dela dagoeneko eta kirol arloan horrek tartea ematen digula hurrengo denboraldiari begira, ikusteko analisi horretatik ateratzen diren ondorioetatik -puntuazio sistema, kirol lehiaketaren sistema...- nondik nora mugitzen garen. Horrez gain, tokiko promozioan lan egin nahi dugu.

Ez dakit non dauden gabeziak, berritu beharrekoak...

Garrantzitsua da Federazioak digitalizazio esparruan eman duen aurrerapausoa balioan jartzea. Komunikazioan eta irudian ere hobekuntzak egon dira. Baina, era berean, ezin dugu ahaztu pilotazale eta pilotariok klubak askotarikoak direla; ezin ditugu ahaztu zale «tradizionalagoak» eta nik uste klubek salto hori egin behar dutela legeak eta digitalizazioaren eremuak betetzeko.

Aipatu izan duzu inoiz lehen frontoietan haur asko ikusten zela eta orain, berriz, gero eta gutxiago ikusten dira. Nola sustatu daiteke hauek parte-hartzea?

Gizartearen isla da. Gaur egun hamaika kirol aukera ditugu, aisialdi aukera amaigabeekin, eta pilotarekiko tradizioa pixka bat beheranzko joera hartzen ari da. Ezagutzen ez baldin bada, batek nolatan egingo du aukera pilotarako? Beraz, gainontzeko esparruetara ere eraman behar da eta ikusarazi egin behar da.

Pilotak modalitate asko biltzen ditu, batzuk besteak baino ezagunagoak dira, gabezia eta behar gehiagorekin.

Gehien ezagutzen den modalitatea esku-pilota izango da, baina pilotak aberastasun hori ere badu; hamaika modalitate daude, bakoitza bere ezaugarri konkretuekin, joko zuzenak eta ez zuzenak ere hor ditugu... Eta gabeziei dagokienez, kasu batzuetan izan liteke erremintak garestiak direla, beste modalitate batzuek trinketean jokatzen dute eta trinketik ez dugu Nafarroako herri guztietan, baina nik uste pertsona bakoitzak izan behar duela bere lekua edozein modalitatetan aritu ahal izateko.

Pilotaren modalitate «gutxitu» batean, zein izan daiteke irtenbidea: eskola kirolean modalitate hauek sustatzea? Eskolaz kanpoko jardunean sartzea...?

Nafarroan eskola kirola dagoen moduan, klubek zuzenean eramaten dute eskola kirola, baina hezkuntza eremuetara ere eraman daiteke. Ez bakarrik curriculumaren barnean, baizik eta AMPEK -Guraso Elkarteek- duten aukera horietan sustatu daiteke, hiri kanpaldietan sustatu daiteke, ate irekien jardunaldiak egin daitezke promozio mailan... Herrietan ari da sustatzen pilota herriko plazan, kutsu herrikoi horretara ateratzea. Ari dira zenbait txapelketa antolatzen, eta horiek gero eta ikusle eta pilotari gehiagoren interesa sortu dute.

«Emakumea eta Pilota» batzordeko bozeramaile ere izan zara. Gero eta gehiago dira pilotan ari diren emakume eta neska gazteak. Hau ere sartzen al da zuen erronken artean? Nola sustatu daiteke kirol honetan emakumeen parte-hartzea?

Historiari erreferentzia egin diogu gai honen inguruan, oso garrantzitsua iruditzen zaigulako XX. mendearen hasierako «raketisten» historia ezagutzea. Kristoren maila zuten, frontoiak betetzen zituzten eta lehenengo pilotari emakume profesionalak ziren Estatu espainolean. Francoren erregimenak, baina, baztertu egin zituen eta historia hori ez da gugana behar bezainbeste iritsi. Hargatik, nik uste hor ere pedagogia eta zabaltze lan hori egin behar dugula.

Gaur egun ere badira zenbait mugimendu, batik bat esku-pilotan. Bestetik, badira emakumeak beren herrietan jokatzen ibiltzen direnak, baina kirol lizentzia hori ateratzen ez dutenak. Horretarako ere lehiaketa sistema egoki bat sortu behar da beraien beharretara mailakatuz, baina uste dugu, bolumenaren bidetik, gero eta errazagoa izango dela bakoitza norbere beharretara egokitzea. Gakoa erreferenteak sortzea eta promozio lan hori ongi definitzea izango da.

Ofizialtasunarena ere mahai gainean dugun gaia da, Euskadiko «Euskal Pilota Federazioa» eskubide osoko kide izatea onartu duelako Nazioarteko Federazioak. EAEk soilik osatuko luke euskal selekzioa? Nafarroak tokia izango luke? Eta Ipar Euskal Herriak? Zein da zuen iritzia?

Puri-purian dabilen albistea da, bai. Abenduaren 28an ospatu zen asanblada; gu, berriz, kargura duela astebete iritsi ginen eta, beraz, kontu honi buruz tentuz hitz egiten dut, ez dugulako hausnarketa sakonerako tarterik, ezta foro egokirik ere, eduki. «Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa» nazioarteko mailan lehiatu ahal izateko legearen barruan baldin badago, horrela izan dadin; legeak hala onesten badu, 48. artikuluari erreparatuta, federazio autonomikoek aukera dutelarik nazioartean aritzeko, zeresan gutxi dugu.

Begi onez ikusiko zenukete EAEko pilotariek soilik osaturiko euskal selekzio bat?

Ikusi beharko da zein terminotan osatzen diren nazioarteko mailan aritzeko osatuko liratekeen euskal selekzio horiek. Baldintzak zehaztu beharko dira: erroldei erreparatuko zaie, lizentzia zein federaziotan duten, zenbat urtez egon diren... Zehazteke dago eta galdera honi erantzuna ematea, datu horien faltan, arriskutsua iruditzen zait, ez daukagulako informazio nahikorik.