Kopako atsekabea ahaztuta, indartsu dabil Athletic Ligan
Hamaikakoan aldaketa asko eginda, talde zuri-gorriak merezita menderatu zuen Celta Balaidosen. Berenguer eta Vivian izan ziren goleatzaileak bigarren zatian, Hugo Alvarezek partidari emozio apur bat eman aurretik.

Ostegunean Kopan kolpe gogorra jaso arren, Athleticek Ligan erakusten ari den sendotasunari jarraipena eman zion Balaidosen, Celta 1-2 menderatuta. Jada 39 puntu dituzte Ernesto Valverderen mutilek, Bartzelona harrapatu dute sailkapeneko hirugarren postuan, eta Txapeldunen Ligarekin amesteko aukera gero eta nabarmenagoa da.
Hiru egun lehenago Kopan partida gogorrak jokatuta -luzeagoa eta beranduago Celtarena, luzapen eta guzti, Bernabeun-, bi entrenatzaileek aldaketa asko egin zituzten hamaikakoetan. Ernesto Valverdek Gorosabel eta Adama Boiro sartu zituen hegaletan, Prados eta Galarreta euskarri bikoitzean, eta aurrean Berenguer eta Unai Lopez; Claudio Giraldezek bost gizoneko defentsa lerroa osatu zuen, Yoel Lago gaztea sartuz, eta Starfelt, Moriba, Mingueza edota Hugo Alvarez bezalako jokalariei atsedena emanez.
Aldaketak nabaritu egin ziren jokoan, eta bi taldeei asko kosta zitzaien jokaldiak jostea. Hala ere, Athletic nagusitzen joan zen lehen zatiak aurrera egin ahala. Alex Berenguerrek bi abisu eman zituen lehen ordu laurdenean, baloi arriskutsu bat moztuz lehenik eta atzetik iritsita egindako erremate on batekin ondoren.
Eta beste hiru aukera argi ere izan zituzten zuri-gorriek. 16. minutuan Nico Williamsen erdiraketa bat atera joan zen eta Guaitak azken unean eragotzi zuen gola; 25. minutuan Berenguer izan zen buruz Galarretaren erdiraketa on bat errematatu zuena gutxigatik kanpora; eta 36. minutuan Beñat Pradosen jaurtiketa bikainari erantzun ikusgarria eman zion Vicente Guaitak.
ESKUIN HEGALETIK
Bigarren zatian Mingueza eta Hugo Alvarez atera zituen zelaira Giraldezek, Cervi eta Williot kenduz eta ezker hegala erabat berrituz. Egia da lehen minutuetan hobeto aritu zela etxeko taldea, baina Celtak oso garesti ordaindu zuen apustu hori.
Izan ere, Athleticen bi golak eskuin hegaletik iritsi ziren. Aurrenekoa Alex Berenguerrek sartu zuen 62. minutuan. Nico Williams izan zen baloia eskuin hegalera ireki zuena, Iñaki bere anaiak egin zuen erdiraketa, eta atzetik indartsu sartuz Berenguerrek baloia sareetara bidali zuen. Indarra eman zion golak talde bizkaitarrari, eta orduan iritsi ziren bisitarien minuturik onenak.
Nicoren pare bat aukeraren ondoren, 71. minutuan bigarrena egin zuen Athleticek, berriz ere eskuin hegalean sortutako jokaldi bati esker. Iñaki Williamsek Gorosabelen sarrera ikusi zuen, arrasatearraren erdiraketa Unai Lopezek errematatu zuen lehenik, eta, lehen saiakera hori Guaitak gelditu zuen arren, Dani Vivianek aldaratzea ederki baliatu zuen 0-2koa egiteko.
Emaitza horrek lasai jokatzeko aukera eman behar zion Athletici, Celtak ez zuelako arriskurik sortu partida guztian, baina ia hurrengo jokaldian Adama Boirok huts handia egin zuen bere area barruan eta baloia aukera-aukeran utzi zion Hugo Alvarezi aldeak murrizteko.
Azken minutuetan, Celta kale edo bale joan zen erasora, eta Athletici apur bat sufritzea tokatu zitzaion. Valverdek Vesga, Guruzeta, Yuri eta De Marcos atera zituen taldea freskatzeko eta zuri-gorriak gai izan ziren markagailuari eusteko.
Athleticek 11 partida daramatza Ligan galdu gabe, 80ko hamarkadatik ezagutzen ez zen bolada da hori, eta Txapeldunen Liga gerturatzen ari da.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
