Alondegiaren pribatizazioa etetea eskatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk
Maria del Rio eta Angelica Orozco zinegotziek atzo iragarri zutenez, EH Bilduk Alondegiari (Azkuna Zentroa) buruzko mozioa aurkeztu du urtarrileko Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, Udal Gobernuari bere erabakia atzera botatzeko eta «pribatizazio prozesua» eteteko eskatuko diote, «sektore kultural eta artistikoaren eskutik, Bilborentzat eta bere bizilagunentzat punta-puntako kultur politika koherenteak adosteko helburuarekin».
Del Riok «kezka» azaldu zuen atzo Alondegiaren egoeraren inguruan eta bertan garatzen diren kultur ekimenen etorkizunari buruz: «Udal Gobernuak ustekabeko aldaketa bat egitea erabaki du eta espazio hori La Caixa fundazioari lagatzea, proiektu artistiko eta kultural arrakastatsu bat zalantzan jarriz eta hiriko politika kulturalen esparruan inprobisazio kezkagarria erakutsiz», adierazi zuen.
13.000 EURO HILEAN
Ildo horretan, Orozcok ohartarazi zuen fundazio pribatu bati lagapena egitean erabat galduko dela espazio horri buruzko erabakiak hartzeko eta hark eskaintzen dituen aukerez baliatzeko gaitasuna.
«Espazio kultural publiko bat galdu eta esku pribatuetan uzten da. Beste behin, Bilbon ‘Ayuso eredua’ ezartzen da; politika kultural eta artistikoen kaltetan», nabarmendu du Orozcok.
Ildo horretan, azaldu zutenez, «1.500 metro koadro kultur espazio galtzen dira La Caixa Fundazioaren esku uzteko, eta, gainera, ez du espazio hori ustiatzeagatik ordainduko»; izan ere, aurreikusten da «Bizkaiko Foru Aldundiak berak, diru publikoarekin, 13.000 euro ordainduko dituela hilean, 166.000 euro urtean, fundazio pribatu batek espazio publiko bat erabiltzeagatik».
EH Bilduko zinegotziek gogorarazi zuten «publikoa eta nabarmena» dela Bilboko gizartearen sektore zabaletan erabaki horrek sortutako «ezinegona»; batez ere, «artearen eta kulturaren arloan; prentsaren bidez ezagutu ditugun dimisioak, gardentasun eta informazio falta gainerako udal taldeei, ustekabeko birak eta inprobisazioa Bilboko kultur espazioen kudeaketan, sinadura bilketak, kultur proiektuen jarraipena zalantzan jartzea...».
Izan ere, artista talde bat pribatizazioaren aurkako sinadura bilketa egiten ari da Change.org atarian. Dagoeneko, ia 4.000 sinadura lortu dituzte. Gainera, Alondegiko zuzendari Fernando Perezek dimisioa eman zuen, eredu aldaketaren aurka zegoelako. Horregatik guztiagatik, Udal Gobernuari bere erabakia atzera bota dezala eskatu dio eta Bilborentzat eta «bere auzokideentzat punta-puntako kultur politika koherenteak adostu ditzala».

«Itzaletik argira pasatu behar dugu torturatuok, aitortzarako garaia da»

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

Aitortza ofizial eta erreparazio eske, 900 torturaturen ahotsa

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»
