GARA
BILBO

Gutxieneko soldata propioaren aldeko bidea ireki dute

Langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko, euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioaren aldeko bidea abiatu du.

Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren proposamena aurkeztu du.
Gehiengo sindikalak Hego Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren proposamena aurkeztu du. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Hego Euskal Herriko langileentzat soldata propio baten aldeko ibilbidea hasi dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, bai Herri Ekimen Legegilea erregistratuta, bai Lanbidearteko Akordio baterako eskaera eginda, EAEn eta Nafarroan.

Atzo prentsaurrekoan gogoratu zutenez, azken urteetan eskubide sozialen aldeko hainbat ekimen sozial eta sindikal izan dira, besteak beste, pentsio eta soldata duinen alde. 2020ko Greba Orokorrean gutxieneko soldata eta pentsioak izan ziren aldarrikapen nagusietako bi. Bost urteren ondoren, lemari berriro heldu diote. Horregatik, sindikatuek bat egin dute pentsiodunen mugimenduak pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko aurkeztu duen Herri Ekimen Legegilearekin, eta sinadurak bilduko dituzte beraiek ere.

«Espainiako gutxieneko soldata oso baxua da eta ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoari, langileok hauteskunde sindikaletan eta mobilizazioetan erakutsi duten borondate berezituari», azaldu zuten.

Aipatu zutenez, Hego Euskal Herriko antzeko egitura sozioekonomikoa duten herrialdeetan 2024an gutxieneko soldatak askoz altuagoak izan ziren: Alemanian 2.054 eurokoa, Britainia Handian 2.230 eurokoa eta Luxenburgon 2.570 eurokoa, besteak beste. «Onartezina da Hendaiako langileen egungo gutxieneko soldata 1.802 eurokoa izatea eta Irungo langileena 1.303 eurokoa», ohartarazi zuten.

Hori dela eta, sindikatuek bi ekimen martxan jarri dituzte: Herri Ekimen Legegileak patronalarekiko presioa eragingo du Lanbidearteko Akordioa negoziatu dezan, eta Lanbidearteko Akordioak eskumena eskualdatzeari bidea ireki diezaioke.

Sinadura bilketa bera mobilizazio erraldoi bat izan dadila nahi dute sindikatuek. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek patronalari «fede onez negoziatzea» exijitu zioten. Instituzioek «ekidistantziak alboratzea eta langileen prekaritatea bultzatzen duen patronalari aurre egitea» nahi dute, «eta beren ardura esparruetan (...) langileei gutxieneko soldata nahikoak bermatzea». Azkenik, alderdi politikoei Herri Ekimen Legegilea babesteko konpromisoa eskatu diete.