Industria militarraren konbertsioa, behar etikoa
Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen den %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako arazorik 200 metro dituzten eolika erraldoiak euren herritik kanpo jartzeko, paisai naturalak birrinduz. Petrolio gehien saltzen duten herrietako bat izanik, beste batzuek baino oztopo gutxiago ere badute horretarako. Norvegiako «ongizateak» badu, beraz, alde iluna, oso iluna.
Estatu eskandinaviar horren jokaera hizpide genuelarik, ezustean, Zedarriak izeneko enpresarien aholkularitza taldeak sekulakoa bota zuen lau haizeetara, batere lotsarik gabe: «Defentsa industria aukera paregabea izan daiteke euskal enpresentzat».
Ahoa bete hortz geratu ginen. Berehala pasatu ginen, ordea, harriduratik sumindurara. Zer nolako maila etikoa dute enpresari horiek, mundu zabalera hedatu den gerra egoeraz baliatzea proposatzeko? Eta are okerragoa: zertan ari ziren ekitaldi horretan euskal erakundeen ordezkariak, enpresaburu horien ekitaldiari babesa ematen?
Higuingarria da «interesgarritzat» jotzea Europako aurrekontu militarraren eta militarismoaren gorakadari eta gerrari berari probetxua ateratzeko aukera. Ez al dugu ezer ikasi Ukrainako hiru urteko gerratik? Ez al du euskal gizarteak ardurarik, hainbeste sufrimendu pairatu ondoren, bake politikan aitzindaria izateko?
Distentsioa eta elkarrizketa sustatu ordez, soldaduen, armen, munizioen eta abarren kopurua handitzea erabaki zen; horren ondorioz, gatazkak bere horretan jarraitzen du, eta areagotu egin dira hildakoak eta suntsiketa. Eta horrek, era berean, inpaktu negatiboak izan ditu ekonomian, eta bizimodua garestitzea eta jendartea pobretzea eragin du. Horrez gain, Afrika suntsitzen duten liskarrek eta Gazako genozidioak ere argi erakusten digute zein mugetaraino irits daitekeen gerra ekoizpenaren erabilera. Inertzia hori elikatzen jarraitu nahi dugu?
Guk bestelako eztabaida bati ekitea proposatzen dugu, herritar gehienek nahi duten aldaketaren norabidean doala uste baitugu: nola egin eraldaketa ekosoziala, eta, aztergai dugun gaiarekin lotuta, nola martxan jarri prozesuak, gaur egungo industria militarra erabilgarritasun sozialeko ekoizpen bihurtzeko. Zehatzago esateko, xedetzat hartzea Euskal Herria armarik ekoizten ez duen herrialdea bilakatzea, suntsiketekin eta sarraskiekin kolaboratzen ez duen herrialdea, alegia.
Horregatik, euskal herritarrei ohartarazten diegu ez ditzatela ontzat jo «defentsa» eta «seguritate» militarizatuari buruzko diskurtsoak eta praktikak, mundua suntsitzen ari diren injustiziekin ez dezagun kolaboratu. Aitzitik, gizarteko desparekotasunak konponbidean jartzeko irtenbide berritzaileak sustatzera deitzen ditugu.
Zedarriak-en txostenak dioenez, «defentsan eta segurtasunean inbertsiorik ez egiteak eta migrazio nahiz asilo politiketan ditugun zatiketek zaurgarri bihurtzen gaituzte, gero eta eszenatoki geopolitiko konplexuagoan». Baieztapen horren abiapuntua bera ukatzen dugu. Gure ustez, politika militaristek, gastu militarra handitzeak eta armen ekoizpenak laguntzen dute, hain zuzen, eskubideak urratzen eta haietan atzera egiten. Beldurraren logika horretatik atera behar dugu, eta justizia sozial handiagoa ekarriko duten irtenbideetan aurrera egin.
Baliabideen inbertsioak eta berrikuntzak erabiliz, ez dadila enpresa bakar bat ere militarismoaren eskaladaz baliatu. Justu alderantzizkoa proposatzen dugu: inbertsio eta berrikuntzok balia daitezela interes zibileko ekoizpen bihurtzeko xahuketarako eta gerrarako euskal ekoizpen izendatzen dugun gaur egungo industria. Ziur gaude prozesu horrek bideratuko gaituela, beste batzuekin batera, munduak behar duen eraldaketa ekosozialerantz.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
