Urtzi URRUTIKOETXEA
GOBERNU ALDAKETA AEB-EN

Lehen immigrazio-aginduak, agenda supremazistaren ispilu

Etxe Zurian sartu berritan Trumpek sinatutako lehen agindu exekutiboek immigrazioaren aurkako neurri ugari jaso dituzte. Mexikoko mugan asiloa eskatzeko hitzordua zeukaten milaka lagunei ezabatu egin diete zita. AEBn legezko paperekin daudenei ere eragiten die, ordea, Latinoamerikako herrialdeei mehatxu egiteaz gain.

Ezkerrean, Trump sinatutako aginduetako batekin. Goian, Silvia Martinez eta bere alaba asiloa eskatzeko hitzordua bertan behera geratu dela jakin ondoren.
Ezkerrean, Trump sinatutako aginduetako batekin. Goian, Silvia Martinez eta bere alaba asiloa eskatzeko hitzordua bertan behera geratu dela jakin ondoren. (K.C. ALFRED | CONTACTO - F. MARQUEZ)

Astelehenean arratsaldeko lauretarako, Donald Trumpek agintea hartu eta lau ordura, Etxe Zuriak bere webgunearen eta X / Twitter kontuaren espainierazko bertsioak ezabatu zituen. Hiru ordu lehenago, kargua hartzeko hitzaldian, Trumpek boto-emaile beltzen eta latinoen ekarpena aitortu zuen. Azken horien artean, latinoamerikar jatorriko gizonengan, batez ere, aldaketa nabarmena nabaritu da azken hauteskundeetan. Gobernu berriaren lehen neurriek, alabaina, AEB anglo-saxoi eta zuriaren agenda supremazistaren arrastoan datoz. Zehazki, lobby ultra batek iaz egindako Project2025 egitasmoan ageri diren neurrietako bat da espainierazko bertsioak kentzea. Ez hori bakarrik, berdin egin dute Osasun Sailak emakumeen eskubide erreproduktiboei buruz zeukan Interneteko orrialdearekin ere. Emakumeei osasun-zentroa bilatzen eta egoera bakoitzean zein aukera dituzten (haurdunaldiari eustea edo abortatzea tartean, baina ez bakarrik) ulertzen laguntzen zien gune horrek.

Project2025en aurreikusitako muturreko neurriak argitaratu zirenean iaz, hauteskunde-kanpainan, Trumpek horretatik urrundu nahi izan zuen, zer zen ere ez zekiela esanez. Funtsean herrialdeko biztanle zaurgarrienen aurka jotzen du. Zaurgarrienen artean, bistan da, etorkinak daude.

Trump presidente bihurtu eta berehala sartu ziren indarrean erabaki estremista horietako asko. Hala, errefuxiatuentzako programa guztiak bertan behera geratu dira, «komunitateak behartu dituztelako migratzaile talde handiegiak aterpetzera, komunitateen segurtasunean eta baliabideei tentsioa ekarriz». AEBra etortzea dagoeneko onartuta zeukaten 1.600 afganistandarri bertan behera utzi dizkiete hegaldiak. Horien artean senideak AEBen dauzkaten adingabeak daude, baita Estatu Batuetako militarren senideak ere.

«Estatu Batuetara sartzeko asmoz dauden arrotz ilegal guztiek atzera egin beharko lukete orain bertan», esan zuen Stephen Miller Etxe Zuriko kabinete-buruorde eta Trumpen immigrazioaren aurkako agendaren ideologo nagusiak. «Baimenik gabe sartzen direnak auzipetu eta kanporatu egingo dira», adierazi zuen.

LEGALKI MIGRATZERIK EZ

Trumpek ez du baimenik gabe sartzen direnen aurka bakarrik jo, ordea. Baimena lortzea ere ezinezko bihurtu du. Hala, indarrean sartu den lehen neurri berrietako bat CBP One programaren amaiera izan da. Joe Bidenen Exekutiboak immigrazioa antolatzeko eratutako telefono bidezko aplikazio bat da, mugan hitzordua har zezaten asilo-eskatzaileek, muga legez kanpo igarotzen saiatu beharrean.. Tijuanan, Mexiko eta AEB arteko mugan, astelehen eguerditik aurrera hitzordua zeukatenek ere azkenean ez zuten izan. Mexiko igarotzeko hogei eguneko bisa zeukaten familiak, ume txiki eta guzti, negar-zotinka geratu ziren AEBko ateraino iritsi eta ordu batengatik itxi zietela jakinda.

Kuba, Venezuela, Haiti eta Nikaraguako pertsonentzat Bidenen Gobernuak eratutako programa bertan behera geratu da. Dagoeneko programa horrekin AEBn diren milioi erdi laguni baino gehiagori ere eragin diezaieke erabakiak, horien estatusa gehienetan asilo-eskatzailearena baita, herritartasuna lortu gabe. Ondorioz, edozein unetan atzera bota liteke.

Trumpen agintaldiko lehen bi egunetan ez da gertatu joan den astean hedabideetara filtratutako polizia-operazio handirik; besteak beste, “Wall Street Journal”-ek argitaratu zuelako Chicagon egin asmo zuten operazioa. Edozelan ere, Gobernuak berak aitortu du paperik gabeko migratzaileak atxilotzeari berehala ekiteko asmoa dutela.

Duela zortzi urteren aldean, Trumpen iragarpenen aurka ia ez da erreakzio indartsurik izan. Are gehiago, delituez akusatuta dauden etorkinak atxilotzea agintzen duen Laken Riley Act legeak aurrera egin zuen Senatuan. 64-35 izan zen emaitza, eta errepublikanoek 53 senatari dituzte. Hau da, hamabi ordezkari demokratak etorkinen aurkako legearen alde bozkatu zuten. Ordezkarien Ganberara doa orain proposamena, eta Trumpen lehen garaipen legislatiboa izan liteke, demokraten sektore batek migrazioaren aurkako neurri gogorren alde egiten duen seinale.

Gizarte zibileko taldeek hilabeteak daramatzate Trumpen neurrien aurka prestatzen. Atzo goizean elizan entzun behar izan zuen Trumpek aurkako lehen mezuetako bat. Mariann Edgar Buddge agurgarriak «errukia» izateko eskatu zion «une honetan gure herrialdean izututa dagoen jendearekin. Gayak, lesbianak, transexualak daude familia demokratetan, errepublikanoetan, independenteetan, batzuk bizirik irtengo diren ere beldur dira... gure uztak biltzen dituztenak, gure bulegoak garbitzen dituztenak, elikadura-fabriketan lanean ari direnak, ospitaleetan gaueko txandak dituztenak, agian ez dira [AEBko] herritarrak, edo ez dituzte beharrezko dokumentu guztiak, baina gehienak ez dira kriminalak, zergak ordaintzen dituzte, auzokide onak dira».

LATINOAMERIKAREN AURKA

Ez da kontu berria Trumpek Latinoamerikaren aurka daukan ikuskera arrazista. Astelehenean, Etxe Zurian, Brasilgo kazetari batek bere herrialdeaz eta oro har Latinoamerikaz galdetu zion, eta presidente berriak hala erantzun zion: «Guk haiek baino gehiago behar gaituzte haiek. Latinoamerikak gu behar gaitu, guk haiek ez ditugu behar».

Groenlandia titular handietara itzuli da asteotan, baina presidenteak 2018an lehen aldiz aipatu zuenean, Puerto Ricogatik «trukatzea» iradoki zuen, berriz Karibeko uharte espainiera-hiztunarekiko daukan mespretxua erakutsiz. Bidenabar, astelehenean Etxe Zurian berriz berretsi zuenez, Groenlandia «beharrezko zaigu, ez gure segurtasunerako bakarrik, baita nazioartekorako ere». Areago, bai Kopenhagen, bai Nuuk ez daudela salgai esan dioten arren, Trumpek bereari eutsi zion: «Ez daude gustura Danimarkarekin, nik uste gustura egongo direla gurekin». Groenlandiarrek behin eta berriz esan diete ezetz; Donald Trump jr.-ek (presidentearen semeak) duela bi aste Groenlandiara egindako bisitan, eskale-talde bat bazkaltzera gonbidatu zuen, MAGA txano gorriak jantzarazi zizkien, argazkia egin eta groenlandiarrak AEBn sartu nahi zutela saldu zuen.

Auzoekin bullya izatea ez da Trumpekin sortu, baina maila neoinperialista zakarrenera egokitu du presidente berriak. Baita horretarako munduko ekonomia astindu behar badu, etxekoa bultzatzeko aitzakian. Agintaldi hasieran, atzerriko herrialdeen aurkako tarifarik izan ez bada ere, otsailaren 1erako (hamar egun barru) Mexikori eta Kanadari %25ekoa jarriko ziela esan zuen. BRICS herrialdeei, berriz, %100ekoa jarriko diela esan zuen, merkataritzarako dolarra erabiltzeari uzten badiote. Bidenabar, Espainia ere horien artean kokatu zuen Trumpek, herrialde horretako kazetari batek NATOko herrialdeen defentsa-gastuez galdetutakoan.

Donald Trumpen beste agindu exekutibo batek droga-kartelak atzerriko talde «terrorista» gisa izendatzen ditu. Zehazki horren ondorioak zeintzuk diren ez dago argi, baina Etxe Zurian galdetu zioten ea neurri horrek AEBko Armada Mexikon aritzea legeztatzen duen, «terrorismoaren» aurka jotzeko aitzakian. «Baliteke, gauza arraroagoak ikusi ditugu», erantzun zuen. Venezuelara ere adi-adi begira zeudela esan zuen. Aurreko agintaldian, zigor ekonomiko gogorrak ezarri zizkion Karibeko herrialdeari. Egun, Washingtonek, Nicolas Maduroren gobernuaren aurka egoteaz gain, venezuelar herritarren migrazio handia ere badauka. Horregatik, venezuelarrak nola deportatuko zituen galdetu zioten Trumpi, Madurok pertsona horiek hartzeari uko egiten badio. Ez zuen erantzun zuzenik eman, beste askotan bezala. «Beharbada, haien petrolioa erosteari utziko diogu. Ez dugu behar» besterik ez zuen esan.

HERRITARTASUN-ESKUBIDEARI ERASO

Migrazioaren zakuan sartu dituen beste gaietako bat, AEBko herritartasunari (nazionalitateari) dagokio. Iragarrita zeukan jaiotzez automatikoki herritartasuna ematearen aurkako legea prestatuko zuela (ius soli, terminologia juridikoan). Atzora arte migrazioarekin lotu izan da, behin baino gehiagotan gertatu baita legez kanpo egotea biztanleak, baina haien seme-alabak legezko estatubatuarrak izatea, herrialdean jaioak direnez. Familia osoa kanporatzekotan, estatubatuar herritar diren haurrak atzerriko herrialde batera bidaltzen ariko lirateke. Baina gurasoak bakarrik deportatuz gero, umezurtz utziko lituzkete.

Muturreko neurria izateaz gain, Konstituzioaren 14. zuzenketan txertatuta dago AEBko lurraldean jaiotzen den pertsona oro bertako herritarra dela, hau da, estatubatuar nazionalitatea daukala. Baina, ustez, paperik gabeko etorkinen umeei nazionalitatea galarazteko aitzakian agindua askoz urrutirago doa, eta are larriagoa da. Agindu exekutiboak dakarrenaren arabera, AEBko herritar izan gabe Estatu Batuetan dauden pertsona guztiek izan ditzaketen seme-alabei herritartasuna ukatzea aurreikusten du, izan turista, legezko bisa bat duen langilea, unibertsitatean ikerkuntzan aritu, dena doa zaku berera. Zenbait adituren arabera, Kamala Harris bera ere ezingo litzateke estatubatuarra izan, jaio zenean haren gurasoak ez baitziren oraindik estatubatuarrak, herrialdean legezko paper guztiekin bizitzen egon arren. Eskubide konstituzionala izanik, ezin da indarrean sartu, baina Trumpek ondo daki gaiak Auzitegi Gorenean amaitzeko aukera duela. Hor, Trumpen aldeko gehiengoa kontserbadore zabala dago, duela bi urte eta erdi abortu-eskubidea ezabatu zutenean ikusi zen legez. CNNk argitaratutako inkesta baten arabera, herritarren %35neurriaren alde dago eta %53, kontra.



Indultua, Kapitolioari eraso zieten guztientzat

2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioari erasotzeagatik preso zeuden lagunak espetxetik irteten hasi dira, Donald Trumpek horien indultuak sinatu eta gero. Dagoeneko libre da Proud Boys milizia neonaziko buru Enrique Tarrios, 22 urteko espetxe-zigorra zeukana, eta Oath Keepers erakunde supremazistaren sortzaile Stewart Rhodes, 18 urtera kondenatuta zegoena. Bi erakunde horiek izan ziren duela lau urte Kapitolioaren aurkako erasoa hasi zutenak, Trumpek bere mitinean zeuden pertsonak Kongresura bidali aurretik ere. Horiekin batera, 1.500 laguni baino gehiagori kendu die zigorra (gehienak ez zeuden kartzelan). Atzo goizean Washingtoneko espetxe-atarira etorri zen Rhodes, erabakia ospatzeko eta askatzeko geratzen zirenei ongietorria egiteko. Robert Morss ere, «arma arriskutsu» batekin polizia-agenteak kolpatzeagatik bost urtetik gorako zigorra zeukana, bezperan askatu berria, espetxe-atarian egon zen atzo. Joan den astean JD Vancek esan zuen bereizketa egingo zutela indarkeria erabiltzeagatik zigortuta zeudenen artean, baina Trumpek kartzela-zigorra zeukaten guztiei eman die indultua.U.U.