Lidergoa
Makina bat kontraesan sortzen dizkidate emakumeen goaz argitaratutako testu eta han eta hemen entzuten ditudan diskurtsoek, aginte molde zehatzak errepikatzeko aholku zerrendak baino ez direlako haietako asko. Zalantzak izanagatik, emakumeen lidergoa bultzatzeko ikastaro batean izena eman dut. Izatez, emakume akademikoen lidertza sustatzeko programa bat da, eremu honetan dagoen genero arrakala apaltzeko saiakera.
Aitortu behar dut batik bat lehen saioetan lantzeko asmoa den autolidergoaren gaiak erakarri nauela, inor gobernatzeko, lehenik eta behin, nork bere burua gobernatzen ikasi behar baitu. Ez naiz, antolatzeaz ari, hori ez da nire indarguneetako bat, baina ikasi dut nire kaosean galdu gabe ibiltzen. Bidean, batez ere eremu profesionalean, sortzen zaizkigun beldurrak uxatzeaz ari naiz gehiago, horiek zuzentzea, sarritan, taldeak gidatzea baino zailagoa izan daiteke eta. Saio horietan, halaber, nork bere kezkak, esperientziak eta zailtasunak partekatzeko tarteak izango omen dira eta gero eta gehiago sinesten dut elkarguneen eta hizketaldi patxadatsuetarako eremuen indarraz.
Lidertza postuetan ari diren emakume hainbati ahultasuna egozten zaie, ez direlako ezkontzen ohikoak diren eta sustraituak dauden aginte moldeekin; haiekin bat egiten dutenei, berriz, aldrebeskoa. Agintzailea dela, izaera gogorregia duela, bere iritzia besteenen gainetik jartzeko joera duela... Halakoak ere entzun ditut. Batera edo bestera, emakumeen lidergo moduak eta gaitasunak zalantzan jartzen dira behin eta berriz, eta hortik datoz, noski, askoren beldurrak, segurtasun ezak eta aurrerapausoa emateko erreparoak.
Agian, lidergoaz baino, tratuaz, gertutasunaz eta bestearen tokian jartzeko gaitasuna lantzeko bideez aritu beharko genuke, halako tasunak urri direlako hainbat aginte eremutan, egungo lidergo moduak eraldatzeaz, alegia. Baina, bien bitartean, esperientziak partekatuta beldurrak uxatzeko eta, sortuz gero, haiek xamurtzeko gakoez hitz egitea ere bada pausoa.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
