GARA
ZESTA-PUNTA

Pantera arrosak Winter Seriesko finalean dira

Erkiaga eta Ibarluzea, pozik, finalean direlako.
Erkiaga eta Ibarluzea, pozik, finalean direlako. (ERAMAN JAI ALAI)

Pantera arrosak finalean dira. Iaz Winter Series irabazi zuen bikoteak beste final bat erdietsi du. Finalerdietako ligaxka hasi zela hiru aste igaro direnean, lehen bikote finalista da Erkiaga-Ibarluzea. Jokatu dituzten bi jardunaldietan gogotik sufritu dute, baina azkenean, haien esperientzia eta argitasuna lagun, ez dute jokorik galdu, bi partidak 2-0 irabazi eta 8 puntu batuta.

Astelehen gauekoan xehetasunek erabaki zuten lehen jokoa, Floridatik lur hartu berri zen Urreisti-Gorka bikotearen aurka. Mutrikuarra eta biarriztarra Daniako txapelketa jokatzen dabiltza -Biscay Cup-erako sailkapen fasea- eta maila ona ematen ari dira han. Astelehenean, Gernikan, beste erakustaldi bat eman zuten, Urreisti oldarkor eta fin aurrean, eta Gorka Sorozabal oso seguru atzean. Azken txanpako tantoak, ordea, Ispasterko maisuaren alde jausi ziren, eskarmentuz beteta.

Hor bukatu zen partida, bigarren jokoan, laranjak 4-1 irabazten hasi baziren ere, pantera arrosek berriro jokoa berdindu zutenean (5-5), erabat atera baitziren partidarik. Lehenengo jokoan Urreistik estu hartu zuen Erkiaga, eta bien arteko norgehiagoka propioa ere sortu zuten, batez ere sake eta errematean.

Deman bi une gako egon ziren: bata, lehen jokoan 14-12tik 14-15era pasatzea, eta bestea, bigarrenean, 4-1etik 5-5era igarotzea. Urreistik zein Gorkak behar baino gehiago huts egin zuten partidaren kontrola irabazi nahian, eta horrek eragin zizkien okerrak. Lehen jokoa kasik irabaztetik, punturik batu gabe bukatu zuten beraien lehen jardunaldia. Halatan, pantera arrosak finalean dira jada matematikoki. Hurrengo asteetako partidak hil ala bizikoak izango dira.

Urreisti eta Gorkaren hurrengo aurkariak Laduche eta Manci izango dira, lehen jardunaldian hiru puntu batu zituztenak. Gisa honetan, hilaren 27an mutrikuarren eta lapurtarren arteko norgehiagoka bizia jokatuko da Gernikan. Laduche-Mancik irabaziz gero, finalean edukiko dute hanka bat; Urreisti-Gorkak irabaziz gero, bigarren postu horretarako lehia are gehiago estutuko da. Erkiaga-Ibarluzea / Laduche-Manci (otsailak 3) eta Urreisti-Gorka / Urrutia-Basque (otsailak 10) partidek bukatuko dute ligaxka.