Zarauzko Ikastolari 140.000 euroko isuna jarri dio Lakuak
Lakuako Hezkuntza Sailak matrikulazio kopurua murriztu zuen eta zortzi familia Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolatik kanpo utzi zituen, baina zentroak «ateak zabaltzea» eta onartzea erabaki zuen. Orain, 140.000 euroko isun «bidegabeari» aurre egin behar dio.

Salbatore Mitxelena Ikastolan, Zarautzen, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak HH2rako ezarritako matrikulazio kopurua murriztu zuen 2023-2024 ikasturterako. Hala, bertan seme-alabak sartu nahi zituzten zortzi familiak ez zuten aukerarik izango, baina ikastolak «gure komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi duen orori ateak zabaltzeagatik» matrikulatzea erabaki zuen. Orain, Lakuak ezarritako 140.000 euroko isunari aurre egin behar dio ikastetxeak.
Horren berri emateko eta Hezkuntza Sailaren «jarrera eta jokabide onartezinak» salatzeko prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin zuten atzo. Azaldu zutenez, ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egiteko eta eskaintza eskaerara egokitzeko Lakuaren agindutik dator arazoa. [Jakina denez, aurreko astean dekretu hori baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak, nahiz eta egun indarrean den, helegitearen zain].
Ordura arte, ikastolak Haur Hezkuntzako maila bakoitzeko hiru gela izaten zituen, bederatzi lerro, baina urte horretan «ageriko arrazoirik gabe» Sailak bi lerrotara mugatu zuen HH2ko matrikulazioa. Orduan hiru lerro behar zituztela azaldu zioten Lakuari, baina ezezkoak jaso zituzten.
Maiatzean, beraz, bide administratiboa jorratzen jarraitu zuten arren, «egoerari aurrez aurre heltzeko unea» iritsi eta ikastolaren komunitatea osatzen duten 544 familiek «komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzea» erabaki zuten eta zortzi matrikulak onartu zituzten. 140.000 euroko isuna ezarri die Hezkuntza Sailak, «bidegabea», beraien ustetan, diru-iruzurrik ez delako egon.
Gainera, azken bi ikasturteotan ikastolan izan diren ikuskapenek haurrak, langileak eta gurasoak «miatuak, zelatatuak eta erregistratuak» sentiarazi dituela esan zuten. Horrekin batera, Sailak «Adiskidetze-mahaia» deitutako bilera batean aurkeztutako proposamen «itxia» salatu zuten, gero isuna jartzeko erabakia ekarri duena eta «familiei eta ikastolari berari kalte larriagoak ekiditeko» sinatu zutena.
Lasai daudela esan zuten, hala ere: «Lasai gaude hartu genuen erabakiarekin. Eta gauza batek pozten gaitu: zortzi familia horiek gurekin jarraituko dutela jakiteak». Aurrerantzean dirua biltzeko ekintzak egingo dituzte.

«Leiala izan naiz aita sinboliko eta ez sinbolikoekin, kosta zait apurtzea»

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad
