Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Egile-zinema komertziala

Ekoizpen erraldoiak eta komertzialak zinemaren industrian nagusi diren honetan, arrakasta komertziala bilatzeko bidean, benetakotasuna galtzen ari den sentsazioa daukat azken boladan. Remake, sekuela eta frankizien kontuekin aspertu samar nago.

Gero eta gehiago baloratzen dut egile-zinema deiturikoa: zuzendari jakin baten nortasun artistikoa islatzen duten filmak deskribatzeko erabiltzen den esamoldea da.

Zinemaren munduan urte hasierako albisterik deigarriena David Lynchen heriotza izan da. Egile-zinemari buruz ari garenean, Lynch adibide ona iruditzen zait: edozein izenburu jarri eta segundo gutxira antzeman daiteke berea dela.

Txanponaren beste aldean, publiko zabala erakartzeko eta diru sarrera handiak sortzeko diseinatuta dagoen zinema komertziala dugu; arrakastatsuak dira, baina nortasunik gabeak, ezinezkoa da egiletzaren arrastorik topatzea.

Zenbait zinemagilek bi aldeen arteko oreka aurkitzea lortu dutela esango nuke eta beren ikuspegi pertsonalak publiko zabalarentzako erakargarritasunarekin uztartu dituztela.

Hori izan liteke beharbada irtenbidea, egile-zinema komertzialaren aldeko hautua egitea.

Christopher Nolan, Greta Gerwig, Denis Villeneuve, Wes Anderson edota David Fincher, adibidez, formula interesgarri horren ordezkari apartak iruditzen zaizkit.