Andrea IBARRA
BAIONA

Uztaritzen aurten ez da Lapurtarren Biltzarrik ospatuko

Antolatzaileek biltzar nagusi bidez hartu zuten erabakia: 2025ean ez da Lapurtarren Biltzarrik izanen Uztaritzen. Motibazio falta dela-eta, 2021ean lapurtarren besta berpiztu zuen taldeak ez du aitzina egiteko aukerarik ikusten, baina transmisioa egiteko prest da.

Egitarauan karroen desfilea zuen azkena 2023an ospaturiko besta izan zen.
Egitarauan karroen desfilea zuen azkena 2023an ospaturiko besta izan zen. (Patxi BELTZAIZ)

«Balio ote du Lapurtarren Biltzarra segitzeak?», izan zen azken lau urteetako edizioen talde antolatzailearen galdera, 2024. urtearen buruan biltzar nagusian elkarturik. «Pena da gelditzea, baina guk ez dugu ikusten nola segitzen ahal dugun», eman du erantzuna Xabi Etchegaray uztariztarrak, antolatzaileen izenean. Kontuak horrela, 2025ean ez da Lapurtarren Biltzarrik izanen Uztaritzen.

Lehenengoz 1979. urtean ospatu zen besta 2017. urtean gelditu zen eta hiru urteko etena egin zuen. 2021ean, 20-30 urte bitarteko talde batek hartu zuen berriz martxan ezartzeko engaiamendua. «Herriz herri zerrenda egin genuen, jakiteko nor motibatzen ahal zen Lapurdiko herri bakoitzean», gogoratu du Etchegarayk.

Lan horri esker, talde ona osatu zutela dio, baina denboraren joanak antolakuntzan bertako kideen gutitzea ekarri zuen. «Gero eta gehiago urrundik heldu ziren» eta, ondorioz, «guretzat lan zama emendatu zen». Denbora honetan, antolakuntzan eta bilkuretan jendea motibazioa galtzen ikusi dutela dio, eta «hala ere, guk biltzarra antolatzen segitu dugu».

Besta antolatzeari uzteko erabakia ez da ekonomikoa izan. Are gehiago, «azken lau urteen bilana ikustean, dirua irabazi dugu elkartearentzat», baieztatu du Etchegarayk. Baina diru hutsez ez da gisa honetako ekimen bat antolatzerik.

EGOKITZAPENEN ONDOREN

Bertan behera uzteko erabakia, hain zuzen, gogoeta eta aldaketa anitzetatik emaitzarik ez lortzearen ondorio da. Gazte talde honek antolaturiko hirugarren edizioan ekin zioten horren salatzeari: «Karro bat egin genuen salatzeko jendea heldu zela besta egiteko, baina antolatzeko eta aldarrikapenak egiteko ez dela gehiago nehor».

2024ko edizioan karrorik gabeko lehena izan zen, eta bazkariaren formatua ere aldatu zuten, janari lasterra plantan eman baitzuten, Xalbador kolegioarekin betiere. Alta, «ikusi genuen pentsatu baino jende gutiago etorri zela», deitoratu du uztariztarrak.

Hala, antolatzaileen ondorioa argia da: «Gauzak aldatu ditugu. Pentsatzen genuen, menturaz, gauza horiek ziotela jendeari gogoa kentzen. Baina horiek aldatuz ere, jendea ez da gehiago motibatzen».

Erabaki hori, ordea, talde batena baizik ez dela azpimarratu du Etchegarayk. Bidea irekia da ardura hartzeko prest den edonorentzat: «Ez dugu gure burua gehiago ikusten antolakuntzan, baina prest gara transmititzeko baditugun jakintza eta elementu guziak, plazer handiz. Bikaina litzateke Lapurtarren Biltzarrak segituko balu».