Inoiz baino herri eta sortzaile gehiago, «Geuretik sortuak» ekimenean
Udalbiltzak bultzaturiko ‘‘Geuretik sortuak’’ kultur ekimenaren hirugarren edizioak 30 proiektu hartuko ditu, aurreko urteotan ezarri ziren mugak gaindituz. Aurtengo edizioan 60 hautagai izan dira. Euskal sortzaileen lana eta herriak lotzea du helburutzat 2020. urtean abiatu zen ekimen honek. Sormen prozesuaren emaitzak Euskal Herrian zehar ikusteko parada izango da zirkuitu nazional baten bitartez.

‘‘Geuretik sortuak’’ kultur egitasmoaren hirugarren edizioa aurkeztu zuen Udalbiltzak atzo Iruñean. 2020an abiatu zen ekimen honek euskal artisten sormena eta euskal herrietako kontakizunak uztartzea du helburu, euskaraz egindako artearen sormena eta hedapena bultzatzeko.
Horrela nabarmendu dute Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak eta Begoña Enbeita erakunde nazionaleko euskara eta kultura arduradun politikoak. Biek azaldu dute aurtengo ediziora 60 proiektu aurkeztu direla eta, epaile teknikoen erabakiaren ondoren, beka 30ek lortuko dutela. Lehenengo edizioan 26 sortzailek hartu zuten beka, eta bigarrenean, berriz, 22k. Kepa Errasti antzerkigintzan, Asisko Urmeneta komikigintzan, Danele Sarriugarte literaturan eta Esti Urresola zineman izan dira epaileak.
HERRIA KONTATZEA
«Gure herriaren kontakizuna geuretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen egitasmo hau, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ostean ere. Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri eta, elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez», esan zuten. Izan ere, sorturiko lanak Euskal Herrian zehar ikusteko parada ematen du ekimenak.
Honekin batera, azaldu zuten herri batzuek elkarlanean jorratuko dutela egitasmoa, horietako batzuek proiektuak muga administratiboen gainetik landuko dituztenez. Ataun-Etxarri Aranaz, Leitza-Berastegi edo Asparrena-Ziordia dira horren adibideak.
Iruñeko Euskara eta Parte hartze zinegotzi Aitziber Campionek «euskarak, kulturak eta arteak komunitatea indartzeko duten garrantzia» aipatu zuen, horrelako ekimenek «etorkizunerako ekarpenak» direla gaineratuz.
Berriatuko alkate Joseba Goienolak Bizkaiko herri honek edizio guztietan parte hartu duela esan zuen. «Geuk eta geuretzat egindako egitasmoa da. Nork sortuko du gure kultura, gu ez bagara eta guretzat ez bada?», galdetu zuen.
BEKADUNAK
Udalbiltzako zuzendari Clara Rouget eta Maria Oses kultur teknikaria izan ziren bekadunen berri eman zutenak.
Hauek dira komikigintza arloko bekadunak: Eñaut Aiartzaguena (Ataun eta Etxarri Aranatz), Amane Apalategi (Hernani), Uxue Bereciartua (Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberri), Usue Egia (Legorreta), Patricia Etxegarai (Ziortza-Bolibar), Eneritz Ibarra (Atharratze) eta Asier Iturralde Gaston (Mutriku).
Literaturako bekadunak hauek dira: Miren Artetxe (Atxondo), Naia Arantzamendi (Baigorri), Ixabel Agirresarobe (Asparrena eta Ziordia), Garazi Albizua (Orzaize), Peru Calabaza (Ikaztegieta), Zigor Garro (Sartaguda, Lodosa, Mendabia, Sesma eta Andosilla), Oier Guillan (Aulesti, Amoroto eta Munitibar), Saioa Iribarren (Oiartzun), Goiz Eder Iturain (Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera), Maitane Nerekan (Amasa-Villabona) eta Maitane Perez (Gorliz).
Zinemagintzako bekadunak hauek dira: Alba Lozano (Zumaia), Raul Barreras (Baztan), Aitor Arruti (Elorrio) eta Olatz Ovejero (Larrabetzu).
Antzerkigintza bekadunak honakoak dira: Metrokoadroka (Galdakao), Jon Ander Urresti (Usurbil), Infinito taldea (Leitza eta Berastegi), Argimalutak (Berriatua), Zelako kultur ideiak (Astigarraga), Ekhiñe Famoso (Plentzia), Imanol Epelde (Ajangiz eta Muxika) eta amaHiru (Hiriburu).

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
