GARA
IRUÑEA

Martxel Rodriguez Etxabidek irabazi du 2024ko NIE Saria, «gizatasun eredu» delako

Eskertuta, Martxel Rodriguezek dantzaria besarkatu zuen.
Eskertuta, Martxel Rodriguezek dantzaria besarkatu zuen. (I.URIZ | FOKU)

Martxel Rodriguez Etxabiderentzat izan da 2024ko Nafarroako Ikastolen Elkartearen Saria. Lesakan 1990ean sortua, bertako Tantirumairu Ikastolan hasi eta Berako Labiagan amaitu zuen derrigorrezko heziketa. Atzo NIEk nabarmendu zuenez, «ikastola mugimenduarekin duen lotura sendoa eta euskara eta euskal kulturarekiko baldintzarik gabeko maitasuna munduko bazter guztietara harrotasunez» eramaten ditu. Horregatik, eta «gizatasunean eredu, inspirazio iturri eta ingurukoentzat benetako altxorra» delako, aitortzarik handiena egin zion, «miresmenez eta esker onez».

NIEren Iruñeko egoitzan egindako ekitaldian azaldu zutenez, hagitz ezaguna da Rodriguez, baita biziki maitatua ere. «Tantirumairu Ikastolak proposatu ohi dizkion ekimenetan laguntzeko prest izaten da beti. Dantzarekin, bere lurrarekin eta bere jendearekin duen konpromisoa parte hartzen duen jarduera bakoitzean islatzen da», aintzatetsi zuten.

ERREFERENTE GARRANTZITSUA

«Mugimenduekin hitz egiten duen arima» gisa definitu zuten dantzaria. «Eszenatoki bat zapaltzearekin batera, bere gorputza hamaika sentsazio transmititzeko gai den hizkuntza unibertsal bihurtzen da. Bere istorioa ametsak koreografia bihurtu zituen artista batena da. Euskal Herriko dantza konpainietatik hasi eta nazioartekoetaraino, aztarna ezabaezinak uzten ditu. Bere mugimenduek, sentiberatasun berezi batez beterik, koreografiak poesia bihurtzen dituzte», adierazi zuten.

Nabarmendu zutenez, erreferentzia garrantzitsua da haur eta gazteentzat. Haurra zelarik, bere etxeko sukaldean ikasi zuen erritmoa, koilara batek kaikuaren kontra jotzean sortutako zarata oinarri, edo herriko bestetan, txistua eta danbolina bere bihotzari mintzo zitzaizkionean, edo «Zubigaineko» dantzan.

Fisikan Graduatua, ibilbide oparoa egiten ari da dantza profesionalean. Bere konpainia propioa zuzentzen du 2016tik, egoitza Lesakan duena, Led Silhouette, Jon Lopezekin batera. Bertan dantzatik harago doaz. Diziplina ugaritako adituekin elkarlanean elikatuz, atmosfera eraldatzaileak sortzea lortzen dute.