GARA
BILBO

Hautaketan euskara «gutxietsi» dela salatu dute EITBko organoek

EITBko Euskara Batzordeak, taldeko langile batzordeek eta erredakzio kontseiluek «kezka eta gaitzespena» agertu dute, azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza postuetarako abian ipini diren hautatze prozesuengatik, euskararen ezagutzaren eskakizuna «gutxietsi egin baita».

EITBren egoitza nagusia, Bilbon.
EITBren egoitza nagusia, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EITBko Euskara Batzordeak, taldeko medio desberdinetako langileen batzordeek eta erredakzio kontseiluek oharra plazaratu zuten atzo, EITBko zuzendaritza postuetarako abian jarri diren hautatze prozesuekin «kezkatuta», beren «gaitzespena» adierazteko, euskararen ezagutzaren eskakizuna «gutxietsi» egin dela iritziz.

Gogoratu zutenez, EITBko zuzendari nagusiaren eskumena da zuzendaritzako kideak hautatzea eta izendatzea, eta, horren bitartez, «EITBren historia luzean ez dira gutxi izan euskararen ezagutzari begiratu ez zaion kasuak».

«Inflexio puntua 2013. urtean gertatu zen, EITBren lehen euskara plana onartu zenean. Ordutik hona izan diren euskara plan guztietan EITBk konpromiso irmoa agertu du euskararen sustapenarekin, eta Zuzendaritza Nagusiak kontsekuenteki jokatu izan du», ohartarazi zuten.

«Konpromiso» horren adierazgarri, bi helburu nagusi ezarri ziren 2023-2027ko Euskara Planean: «EITBren barruan euskararen erabilera sustatzea maila guztietan», eta «EITBk euskal gizartearen aurrean proaktiboki jokatzea euskararen sustapenean».

Euskara Batzordearen arabera, aurreko euskara planetan «urratsak» egin ziren EITBn, horietako bat «oso garrantzitsua, EITBko lanpostu guztiei euskara eskakizuna egokitzea». Azaldu zutenez, eskakizun horiek 2014tik aplikatu dira EITBko langile berriak hautatzeko prozesuetan, eta baita 2022-2024ko egonkortze prozesuan ere. «Kanpoan geratu dira, enpresan ibilbide luzea izan arren, euskara maila egiaztatu ez duten zenbait langile».

Hala, EITBko zuzendaritzak euskaraz C1 maila izatea ipini du baldintza gisa azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan, plantillako langileentzako eskakizunen parean. Oharrean gaitzetsi zutenez, ordea, hiru «postu garrantzitsutan hautatu diren pertsonek ez dute baldintza hori betetzen: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en zuzendaritza, eta zuzendaritza komertziala».

«ATZERA URRATS HANDIA»

Atera berri diren deialdietan «atzeranzko urrats handiagoa egin da, ez baita C1 maila eskatzen. Baldintza da ‘gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea’, gehiago zehaztu barik». EITBko langile organoen ustez, egoera «salagarria» da, «aipaturiko helburu biak zapuztu egiten dituelako».

«Alde batetik, euskaraz moldatzen ez den taldeburu batek gaztelaniaz behartzen ditu bere talde barruko harremanak, eta gaztelania ezartzen du bere ardurapeko gaien kudeaketan. Beste alde batetik, EITBk euskara gutxietsi eta baztertu egiten duen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean», nabarmendu zuten.

Hala, erabakietan atzera egin dezala eskatu zioten zuzendaritzari, eta «berriz abiaraz ditzala euskara kolokan utzi den postu guztietako prozesuak, lanpostu guztietan bezala maila akademikoari dagokion euskara betekizuna ezarriz eta betearaziz».