Jon GARMENDIAIdazlea

Talde-lana

Taldeak porrot egiten duela, lehenago edo beranduago krak eginda hautsi egiten dela, aspaldi kontatu zidan Jonek, eta aspaldi idatzi nuen hemen. Azkenean, denboraren joanean gauza anitz bilakatzen dira aspaldiko, eta horrek ere bere xarma baduela ohartzen ari naiz. Ez dakit norena den «gezurtiari memoria ona ukaitea» ezinbestekoa zaiola, baina argi dut anitz idazten duenari ere antzekoa gertatzen zaiola, behin idatzitakoaren gainean erortzeko arriskua saihestu nahi badu, alajaina.

Sam Pekinpah zuzendariaren “The Wild Bunch” aipatzen zuen Jonek talde kontuen analisiari heltzeko, «Grupo Salvaje» izenez ezagutu nuen filma, gizakia bere nortasuna eraiki nahian lagun hurkoaren aurka. Norbera baizik gelditzen ez den arte denak hiltzen. Uste dut hortik joan nahi zuela nire lagun Jonek, indibidualismoaren nagusitzara heltzeko. Taldea kuadrilla delako, hasieran estuki lotua baina lasaitzen dena gero, askatu gabeko korapiloz josita, ez dakizulako zergatik batek utzi duen edo noiz joan zen bestea urruntzen. Nago garaiak eragin latza izango zuela Pekinpahek filmari halako bortxa ezartzeko. Gizakiaren eta gizartearen arteko gorrotoen nagusitza gordinki agertzen baititu. Garaiak aldatu egiten dira, halere, eta hor aspaldikoak ez du balio; taldearen iraunkortasunean berriro sinisten hasi naiz. Beraz, Joni idatziko diot errateko iluna dirudien gizarte honen aitzinean, argia talde-lanean ikusten dudala.