Ander Hormazuriren lau artelan Kinkearen aurtengo promoziorako
Etxeratek behar ekonomikoei aurre egiteko sustatzen duen Kinkearen promozioak Ander Hormazuriren lau artelan izango ditu aurten. Presoen senideen elkarteak elkartasunaren balioa nabarmendu zuen atzo. Bestetik, Xabier Perez Aldunate iruindarra libre geratu da.

Etxeratek Kinkearen aurtengo promozioa aurkeztu zuen atzo, eta Ander Hormazuri artistaren lanekin osatuko duela jakinarazi zuen.
Presoen senideen elkarteak Kinkearen promozioa abiatu zuenetik zortzi urte bete dira, eta denbora honetan ekimen honek presoentzako laguntza juridikoa eta osasun laguntza bermatzeko eta elkartearen beraren jarduera posible egiteko «berebiziko garrantzia izan» duela azaldu zuten Astigarragan eginiko agerraldian.
Izan ere, presoen senideek gogoratu zutenez, 2017. urte bukaeran konpromiso berriak hartu zituen Etxeratek bere gain, «senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia» bermatzeko.
«Erronka garrantzitsua izanik, plangintza ekonomiko eraginkorra jarri genuen martxan eta Kinkea izan zen plana garatzeko zutabe garrantzitsuena», azpimarratu zuten.
Nabarmendu zutenez, ekimenak «ez zukeen ezertarako balioko, milaka pertsonak Kinkearen konpromisoa hartu izan ez balute». «Beste behin ere, herri honen elkartasuna funtsezkoa izan da presoen eta senideen aldeko lana zorroztu ahal izateko. Zortzi urte horietan, euskal preso, iheslari, deportatu politiko eta haien senideekiko elkartasunari bide eman diogu», esan zuten.
Ildo horretan, elkartasunaren balioa «aitortu eta helarazi» nahi izan zuten agerraldian, «konponbiderako eta behin betiko bakerako, preso eta errefuxiaturik gabeko gizarterako bide honi aurre egitea ahalbidetzen digun elkartasunarena», hain zuzen. Eta, gainera, eskerrak eman zizkioten Hormazuriri, «elkartasuna lehen pertsonan uztartu duelako bere obra eskainiz».
Artistaren ilustrazioak 25 euroren truke erosi ahal izango dira eta, artelanarekin batera, milaka euroko sariak dituzten lau zozketatan parte hartzeko txartel bat jasoko da.
PEREZ ALDUNATE, LIBRE
Bestetik, Xabier Perez Aldunate preso iruindarra libre geratu da, 20 urteko zigorra bete eta gero. 2005eko otsailean atxilotu zuten, eta Poliziaren aldetik torturak jaso zituela salatu zuen.
2020an Iruñeko kartzelara heldu zen, Kordobatik, eta beranduxeago Martutenera eraman zuten. 2021 eta 2024 artean Txantreako bere etxean bete zuen zigorra, eta baldintzapeko askatasunean zegoen iazko ekainetik.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
