GARA
BILBO

Lan-eskaintzaren oinarriak «manipulatzea» leporatu dio LABek EITBko zuzendaritzari

LAB sindikatuak salatu du, «hautaketa prozesuan egindako urraketa ezkutatzeko asmoz», EITBk «eitb.eus» eta EITBren Social Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak «manipulatu» dituela.

Egindako salaketa irudi honekin lagundu du LAB sindikatuak.
Egindako salaketa irudi honekin lagundu du LAB sindikatuak. (LAB)

LABek salatu du EITBko zuzendaritzak «manipulatu» egin dituela eitb.eus eta EITBren Social Mediako zuzendari izateko lan-eskaintzaren oinarriak. Ohar bidez eginiko salaketari irudi bat gehitu dio. Hor ikus daitekeenez, eitb.eus-eko eta EITBren Social Media arloko zuzendari izateko 2025eko urtarrilaren 8an, Nagore de los Rios, pertsona hautatua, lanean hasi zenean, euskaraz C1 maila izatea zen lehen baldintza. Urtarrilaren 27tik aurrera, aldiz, zuzendari berriak euskara menperatzen ez duelako polemika lehertu eta gero, jada itxita zegoen deialdi horretatik desagertu egin da C1 euskara eskakizuna.

Urtarrilaren 31n EITBko Euskara Batzordeak, langileen batzordeek eta erredakzio kontseiluek oharra kaleratu zuten, zuzendaritza postuetarako hautatze prozesuekin «kezkatuta», beren «gaitzespena» adierazteko, euskara jakitearen eskakizuna «gutxietsi» egin dela iritzita.

«Nork kendu du? Zergatik? Zer ezkutatu nahi dute?», galdetu du LABek. Sindikatuak gogora ekarri duenez, abenduaren 17an jakinarazi zitzaien izendapena, De los Riosek euskaraz ez zekiela azalduz.

Lanpostuaren hizkuntza- eskakizuna betetzen ez zuela ikusita, LABek eta ELAk prozesua salatu zuten.

Horrez gain, LABek kexa aurkeztu eta esku-hartzea eskatu die Hizkuntz Eskubideen Behatokiari eta Lakuaren Euskararen Aholku Batzordeari, hautaketan bi urraketa egin direla salatuz: «Lanpostuaren hizkuntza eskakizuna ez betetzea eta EITBren 2023-2027 Euskara Plana urratzea».

Bide beretik, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiarekin bilera eskatu zuten, baina gaur-gaurkoz ez dute erantzunik jaso, eta, horren ordez, Behatokiari eman dion erantzun bera igorri dio Aldekoak LABi, idatziz; «hautatutako hautagaia ondoen baloratua izan zen enpresa espezia- lizatu batek egindako hautaketa prozesu ireki batean. (...) Zehazki, hizkuntzen mailari dagokionez, hautagai finalistek antzeko ezagutzak zituzten», dio EITBko zuzendaritzak, eta adierazten du hori ez dela eragozpena izango «Interneteko plataformarik aurreratuena eta modernoena garatzeko, Taldeko edukiak eta, bereziki, euskarakoak, Internet ingurunean hazteko».

Prozesua auzitegietara eraman du LABek. Eta, testuinguru honetan, orain, euskara jakitearen baldintza desagertu egin da lanpostuaren plegutik. «Noiztik? Nork erabakita? Nork ezabatu du? Zergatik? Galdera asko daude eta denak epaitegian azaldu beharko dituzte», gehitu du sindikatuak.

«OSO LARRIA»

«Oso larria da gertatu dena, baldintzak betetzen ez dituen pertsona bat hautatzea, eta gertatzen ari dena, urraketa ezkutatzeko baldintzen-agiria manipulatzea. Zintzotasunak eta zuzentasunak izan behar lukete edozein ardura karguren lehen oinarriak», nabarmendu du LABek.

Era berean, astearte honetan bertan, EITBren Administrazio Kontseiluan gai honi buruz galdetuta, Aldekoaren erantzuna honako hau izan zela adierazi du sindikatuak: «Gu saiatzen gara euskaldunak lortzen zuzendaritzarako, baina beti ezin da». EITBko buruak hau gaineratu zuen: «Erabakietan oreka izan behar dugu profil profesionalaren eta hizkuntzaren artean».

«Alegia, PP, Vox eta ultraeskuinaren tesiekin bat egin eta ‘Zer nahi duzu mediku ona ala mediku euskalduna?’ teoriari heltzen dio EITBko zuzendari nagusiak ardura postuetan erdaldun elebakarrak jartzea justifikatzeko. Pentsatzen du, antza denez, ez dagoela profesional erdaldun bat baino aukera hoberik euskara eta euskal mass media unibertsoa bultzatzeko», arbuiatu du sindikatuak, eta gaia «azken muturreraino» eramateko prest dagoela adierazi du.