Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
COMPANION (LA ACOMPAÑANTE)

Matxismoa teknologiaz mozorrotuta

Filmari buruz zenbat eta gutxiago jakin hobe. Saihestu sinopsiak, trailerrak edota filmari buruzko iruzkinak -honako testu hau lasai irakurri-.

“Black Mirror”-en erako telesailak maite dituztenentzat film ezin aproposagoa da; Alex Garland (“Ex Machina”) zinegilearen eragina ere nabarmena da, baina bere ohiko proposamen formaletatik urrun kokatzen da, ez da hain ausarta. Filmaren oinarria suspensea eta zientzia fikzioa badira ere, umore beltzak gehigarri berezia eransten dio.

Iris eta Josh bere bikotekidea, lagun batzuekin asteburua igarotzeko asmoz, luxuzko etxe batean elkartuko dira; Sergei izeneko ospe txarreko errusiar oligarka aberats baten etxea da. Azalduko ez dudan gertakari batek zenbait egoera, sekretu eta gatazka azaleratuko ditu.

Drew Hancock-ek, sentsibilitate nahiko maltzurra erabiliz, adimen artifizialaren, giza naturaren, gutiziaren eta moraltasunaren zirrikituak arakatzen ditu. Gainera, zientzia fikzioaren kodeez baliatzen da, harreman toxikoei, matxistei eta gehiegizkoei buruz mintzatzeko. Teknologiaz mozorrotutako matxismoaz dihardu.

Erritmo biziko ekoizpena da, ikusteko oso erraza den horietakoa, baina gidoiaren zenbait pasartetan hutsune batzuk ageri dira; istorioak aurrera egin ahala, azalpen batzuk anbiguo samarrak direla ohartuko zarete.

Zuzendariak eszenaratze minimalista eta zapaltzailearen aldeko apustua egiten du, eta narratiba ia osoa agertoki bakar batean zentratu du. Aktoreen lana garrantzitsua izaten da honelako ezaugarriak dituen film batean; bada, guztiek nota altua ateratzen dute, bereziki Sophie Thatcher-ek; bere antzezpen lana xehetasunetan aberatsa da, eta bere keinu eta begiradek pantaila zeharkatzen dute.

Bera da pelikularen zimendu nagusietako bat.