«Oroimenen topografia bat» ondu du Txilikuk bere nobela berrian
Lizardiren poema bateko esaldia lapurturik, Jesus Maria Olaizolak, “Txiliku”-k, bere liburu berriari izenburu hau jarri dio: “Urte urdin ihesak”. Ama besotik hartu eta garai bateko kontuez solasean ariko dira, aspaldiko gertaerez eta pasadizoez.

Amarekin aspaldiko gertaera eta pasadizoez kontu kontari, XX. mende hasierara hurbiltzen den eleberria ondu du Jesus Mari Olaizola ‘Txilikuk’. “Urte urdin ihesak” izenburuaz argitaratu du Elkar argitaletxearen eskutik. Oroitzapenez beteriko liburu bat dela azaldu zuen atzoko aurkezpenean, gertaerak jaso eta «fabulatu» egin dituela adierazi zuen, «oroimenen topografia» bat eraikiz.
Elkarreko editore Xabier Mendigurenek aspalditik ezagutzen du Txiliku, eta esan zuen aipagarria dela «goi kultura duen bezala, kultura herrikoia» ere baduela: «Joera handia izan du beti bere jakintzagai entziklopedikoa pilulaka emateko, pieza soltetxoak eginez. Baina egin izan ditu narratiba hutsezko liburuak ere, eta hau horietako bat da».
BIDAIA BAT IRAGANERA
Aitortza bat egin zuen aurkezpena hasterako: «Izenburua lapurtua da». Izan ere, Xabier Lizardiren poema batetik hartutakoa da, ‘…Nork lekuzkez ikusi urte urdin ihesak’. Eta esanahira joz, pasatako urteak ezagutzeko «grina edo gogoa» sentitu eta hori adierazi nahi izan duela kontatu zuen.
Liburuan 100 urte betetzeko gutxi falta duen ama eta haren semea kontu kontari dabiltza: «Bada oroitzapenen liburu bat, baina hortik harago beti esaten da memoria gezurtia dela, eta gezurretik ere badu. Guk oroitzen ditugun kontuak ez dira beti izaten zehatz eta mehatz egia, bakoitzak edukitzen du berea».
Txilikuk azaldu zuen ariketa bat egin duela kontakizunak jaso eta «fabulatzeko», eta irakurleari «egia berdaderoa balitz bezala kontatzeko», irakurleak egia den sentipena izan dezan. Aldi berean, ohartarazi zuen narratzailearen eta bere pertsonaren artean «diferentziak» daudela, bera ez dela narratzailea, alegia.
LEKUAREN INDARRA
Kontakizuna «munduko gauzarik garrantzitsuena» da idazlearen ustez, eta liburuan zehar ere tentsioa mantendu du zer kontatu eta zer ez. Adierazi zuen «lehengo landa inguru kristauan» batez ere bazeudela kontatu ezin zirenak, eta horiek ezkutuan kontatzen zirela. Bera ere soka horretan ibili da, amak kontatzen uzten zionaren eta ez zionaren balantzan.
Eleberrian lekuari eta garaiari garrantzia eman die Txilikuk: «Lekuak oso zehatzak dira, atal bakoitzaren izenburuak ere badira askotan». Eta, era berean, garai bateko giroa bildu nahi izan du, «mundualdi pasatu bat, XX. mendearen hasiera eta hor inguruan daudenak».
Mendigurenen iritziz, leku zehatzak lantzen diren arren, unibertsaltasun bat «arnasten da». Edozein momentutan unibertsalak diren gai batzuk badaudela nabarmendu zuen: «Hitz egin, zertaz? Lekuaz eta sentimenduez. Lekuak oso garbi identifikatzen dira eta sentimenduak unibertsalak dira: gorrotoa, maitasuna dolua. Berdintsuak dira bueltaka dabiltzan sentimenduak».
ELEBERRI KONTZEPTUA
«Kontakizun xumeekin egindako eleberria da», deskribatu zuen Txilikuk berak; izan ere, bere iritziz euskal literaturak eleberriaren kontzeptua frantsesetik ulertu izan ohi du, «kontakizun luzea, naturalismoz eta errealismoz beterikoa». Eta idazleak azaldu zuen bere eleberriak ez duela kutsu hori.
«Adarjotze edo gaiztakeria» bat ere egin duela aitortu zuen. Txomin Agirreren “Garoa” eleberriarekin «joko metaliterarioa» egin duela azaldu zuen. Kontatu zuen Agirrek izandako baserria idealizatzeko joera zalantzan jarri duela, baina ez zuen ezer gehiago aurreratu nahi izan.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
