«Zerrautsa»
Ezinegonen mapa moduko bat marrazten du “Zerrautsa”-k, Olaia Inziarteren izen bereko diskoa irekitzen duen bakarrizketak. Zein eskertzekoa den disko bat entzuten hastea, hain ongietorri indartsu, gordin eta esplizituarekin. Kantaria ausartzen da bere bertsiorik berezkoena erakustera, metafora gozozale eta epika zipitzik gabe, entzulea bera ezeroso sentiarazteraino, eta, horrek, mesede egiten dio entzuleari, segidan datozen kantuei, eta kantariari berari, onik atera delako eta ostiko galanta eman diolako, hiru minutuan, itxurakeriari.
Eta gaztea da, eta emakumea da, eta Oronozekoa da, eta topikoak desmuntatzen jarraitu beharko genukeela uste dut, nahiz eta, bide horretan, lotsak agerian utzi. Eta haren hitzak entzutekoak eta hausnartzekoak dira, eta bere ahotsak zalantzan jartzen du musikan hasiberriak diren emakume euskaldun, eta gazteei, aitortu ohi zaien espazioa eta rola. Eta guzti honen berri ematen du “Zerrautsa”-k, haren bigarren lan luzea ireki eta, kantutik baino, spoken wordetik hurbilago dagoenak. Horregatik aipatu nahi nuen zutabe honetan, inbidia osoz, horrelako esaldiak neuk idatzi nahiko nituzkeelako: «Utzi beharra dut pentsatzetik idazten dudan guztia norbaitek irakurriko duela edo publiko eginen dudala, baldintzatzen nau eta kentzen dit liberdadea».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
