Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Jaune Quick-to-See Smith

Iaz New Yorkeko Whitney museoak Jaune Quick-to-See Smithi eskainitako atzera begirakoa ikustera joan ezin eta erakusketa Texasera, Fort Wortheko Arte Modernoko museora heldu bezain laster erosi nituen Phoenixetik hegazkin txartelak hara joateko. Turtle Islandeko artearen historian garrantzi handia du Salish-Kootenai artistak, bere obrak egindako ekarpenagatik zein bere belaunaldiko artisten eta artista hasiberrien lana babestu eta ezagutzera emateko egindako guztiarengatik. Zirrara berezia eragin zidan katalogoen bidez ezaguturiko hainbat lan aurrez aurre ikusi ahal izateak, haien artean kanoa serieko artelanak. AEBek Irak legez kanpo okupatu eta herrialdean gerra zabaldu izanari erantzuten dio haietako batek, “Trade Canoe: Don Quixote in Sumeria” (Merkataritza kanoa: On Kixote Sumerian, 2005) pinturak. AEBko inperio kolonialak bere zabalpen militarrean egindako sarraskiak azaltzen ditu, Turtle Islandetik Irakeraino. Kanoaren motiboa erabiltzen du denboran eta geografian zehar jazotako gertaeren lotura konplexuak azaltzeko eta zera aldarrikatzeko: dekolonizazioa proiektu globala da.

Smithek utzi egin gaituela jakin berri dut, abenduan Israelgo armada okupatzaileak hildako Refaat Alareer poeta palestinarrari familiak lur ematea lortu duen egun berean.