GARA
BILBO

Bilbon adingabe bati ustez egindako sexu erasoa ikertzen ari da Ertzaintza

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, urtarrilaren 25ean Bilbon adingabe bati ustez egindako sexu eraso baten salaketa dela eta.

Segurtasun Saileko iturriek Europa Pressi ezagutarazi diotenez, Zorrotzaurre inguruan ustez izandako sexu erasoa ikertzen dabil Ertzaintza.

Ertzaintzak datu gehiago eman ez duen arren, Radio 5 hedabideak atzo aditzera eman zuenez, biktimaren familiak salaketa jarri du, 16 urte dituen eta adimen urritasuna duen nerabeak kontatutakoaren ostean.

Urtarrilaren 24an, adingabea zaborra botatzera jaitsi zen eta desagertu egin zen. 24 ordu geroago agertu zen etxean, Atxuri auzoan, eta familiari kontatu zion gizon batek harrapatu eta Zorrotzaurreko abandonatutako pabiloi batera eraman zuela, eta bertan sexu abusua egin ziola.

Irrati horrek zabaldutakoaren arabera, Ertzaintza gizonaren bila dabil, badituztelako ustezko erasotzailearen irudiak. Inguruko segurtasun kamerak aztertu ostean lortu dituzte.

HITZEZKO ERASOA

Santurtziko bizilagunek elkarretaratzea egin zuten ostiralean udalerriko klub bateko entrenatzaileak adingabeko hainbat jokalariri egindako hitzezko sexu erasoa gaitzesteko, “Santurtzin, eraso matxistarik ez!” lelopean.

Udalak esan zuen Peña Athletic Santurtzi klubarekin «etengabeko harremana» izan duela, eta elkarlan hori eskertu zuen, «adingabeak babestea oso garrantzitsua» delako.

«Agerikoa da indarkeria matxista testuinguru askotan dagoela», adierazi zuen.