O.DAGUERRE / F.THOMMEN

Behi tuberkulosiaren aitzinean, Zuberoako hazleen erresistentzia

Zuberoan 2024. urtearen buruan behi tuberkulosia atzeman zuten hamahiru etxaldetan. Hazleek beren behi saldoen hilketa orokorrari uko egin eta prefetarengana jo dute. Azken honek otsailaren 12rako iragarpenak agindu ditu. Kabalak hil ondoren bakarrik baieztatu daiteke gaixotasuna.

Kutsatutako behiak gutxi badira ere, inguruko guztiak hiltzeko arriskuan daude.
Kutsatutako behiak gutxi badira ere, inguruko guztiak hiltzeko arriskuan daude. (Patxi BELTZAIZ ı FOKU)

«Ez dugu amore emanen», adierazi zuen Laura Etchebarne Mitikileko hazleak, bere hiru behi jadanik hil dituztelarik. Hamahiru etxalde behien tuberkulosiaz kutsatuak dira 15 kilometroko perimetroan, 2024. urtearen hondarretik. Kutsaturikoak hamasei behi baino ez diren arren, 1.021 kabala hiltzeko arriskuan daude. «Bistan da kontra eginen diogula», berretsi zuen laborariak.

Estatu frantsesean 30 urtez presente egon den behi tuberkulosia urritu egin zen abereen hilketa sistematikoaz, baina 2000ko hamarkadatik berriz hedatzen ari da, bereziki Pirinio Atlantikoetan. 2023an hamahiru foku atzeman ziren. «Inork ez du kasu berrien azalpen argirik ematen, baina badakigu azkonek edo basurdeek bakterioa transmititu dezaketela», ohartarazi zuen Laura Etchebarnek.

Zuberoan aurrekari bat badago. 2024ko urtarrilean, Sophie eta Philippe Sicre Espeize-Undüreineko hazleek uko egin zioten beren azienda osoa hiltzeari, behi bat tuberkulosi positibo deklaratu ondotik. ELB sindikatuaren eta Estatuarekin izandako negoziazioen bidez, protokolo arindu bat plantan ezarri zuten: 126 animalia ordez, 48 hil zituzten.

Hala ere, «sarraski hutsa» dela gaitzetsi du Pierre Diharcek (ELB), nabarmenduz eritasunaren detekzio testak ez direla fidagarriak. «Arrisku gisa identifikatutako animaliak iazko udazkenean hil zituzten, eta denak negatiboak ziren. Ondotik, lehen testarekin beste lau animalia hil zituzten, hauek ere negatiboak. Orain, erreakzionatu duten beste sei animaliaren hilketa iragarri dute. Hauek ere negatiboak badira, kabaleria birkalifikatuko dute», azaldu zuen.

ALTERNATIBARIK GABE

Gaur egun, ez dago hilketaren aurkako alternatibarik. «Testek erreakzionatzen duten behiak bereiztea ahalbidetzen dute, baina, infekzioa baieztatzeko, hilketa beharrezkoa da», esan zuen Denis Trapes albaitariak. Txertoak existitzen diren arren, haien eraginkortasuna «aldakorra» da, eta diagnosia zailtzen dute, Laborantza Ministerioaren arabera.

Estatu frantsesak behi tuberkulositik «aske» den herrialdearen estatutua galtzeko arriskua du, eta hori ezinbestekoa da haragi esportaziorako (mila milioi euro suposatu zituen 2022. urtean). Paradoxikoki, hildako animalien haragiak jateko modukoa izaten jarraitzen du, hazleen haserrea areagotuz, ez dutelako ezertarako aprobetxatzen.

Pirinio Atlantikoetako prefeta den Jean-Marie Girierrek «gai sentikor» gisa deskribatu zuen, eta otsailaren 12rako iragarpenak agindu zituen. Bien bitartean, hazleen amorrua goiti doa, egoera jasanezina zaielakoan.