Ane URKIRI ANSOLA
BINAKAKO TXAPELKETA

Ezkurdia eta Rezustak lidergoa eta finalerdietarako txartela irabazi dituzte

Arbizukoak eta Bergarakoak ligaxkan erakutsitako maila onak bere saria eduki zuen atzo, Eibarko Astelenan ordura arteko sailkapeneko liderrak mendean hartu ondoren. Lasoren ordez Urrutikoetxeak jokatu zuen eta maila ona erakutsi zuen.

Ezkurdiak hamaika tanto eginda bukatu zuen partida erabakigarria.
Ezkurdiak hamaika tanto eginda bukatu zuen partida erabakigarria. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako txapelketako ligaxka azken txanpara iristen ari da. Hain justu, jardunaldi bakarra falta da eta, gutxi batzuentzat jokoan oraindik ere asko dagoen arren, fruiturik aberatsenak jada banatuta daude. Laso-Iztueta bikoteak joan den astean berretsi zuen finalerdietarako txartela eta atzo, Eibarren, bestea banatu zen. Ezkurdia eta Rezustak irabazi zuten, Baikoko bikotea -Lasoren ordez Urrutikoetxea aritu zen- mendean hartuta.

«Aukera ederra zen guretzat, datozen asteetan lasaiago aritzeko», kontatu zuen Arbizukoak, tentsio handiko partida izan zela argudiatzeko. Helburua lortuta, pozik agertu zen nafarra, bai eta bergararra ere. Bikoterik sendoenetakoa izan da Aspekoa eta beti sailkapenaren goialdean egon da. Garaipen berri honekin, gainera, lehen postua eskuratu dute, hamar puntu metaturik.

Hamargarren garaipena ongi borrokatuta iritsi zen, gauzak oso estu jarri baitzituzten Urrutikoetxeak eta Iztuetak. Baikoko bikoteak, finalerdietarako txartela jada poltsikoan bazuten ere, kirol legez jokatu zuten, gauzak zail jarrita. Zaratamokoa gogotsu ibili zen, bere maila erakusteko prest.

Eliteko zirkuituan apur bat itzalean geratu da bizkaitarra, baina ongi eutsi zion erritmoari eta tanto ederrak ere sinatu zituen. Partidaren lehen erdian kolpeak trukatu zituzten bi bikoteek, modu askotako tantoak eginda, aurkaria ongi mugiarazita eta errematean zitalak izanda. Urdinen hasierako erritmoa (2-4 aurreratu ziren) segituan hautsi zuten gorriek eta markagailua ere irauli zuten (6-4). Aldiz, Ezkurdia eta Rezustak ongi erreakzionatu zuten eta, 0-3ko partzialaz, berriro aginte makila berreskuratu zuten.

AZKEN TXANPAN, ALDEAK

Partida asko estutu zen orduan eta bi bikoteen aldea txikia zen. Atsedenaldi luzetik bueltan, berdinketak pilatu ziren. Urrutikoetxeak 15-14koan zortzigarren tantoa egin zuen airez -denera, bederatzi egindakorekin bukatu zuen-, baina berehala erantzun zion Ezkurdiak, bi pareta klasiko eta eraginkorrarekin. Orduan txakalaldia izan zuten Baikokoek, eta Aspekoak 22raino kasik zuzenean joan ziren. Bide horretan gorriek tanto bakarra egin zuten, Urrutikoetxeak akatsak pilatu zituen, eta Ezkurdiak, egindako tantoak. Azken txanpa horretan bakarrik igarri zen bien arteko aldea, ordura arte Eibarko Astelenan batutako 600 bat lagunek bi bikoteen arteko erakustaldiaz disfrutatu zutela.

AZKEN JARDUNALDIA

Hurrengo astean jokatuko da azken jardunaldia eta soilik partida bat izango da hil ala bizikoa, Altuna-Aranguren eta Peña-Albisuren artekoa, alegia. Bietako batek bakarrik lortuko du play-offetarako txartela.

Jokoan zertxobait gutxiago baina hala ere garrantzitsua izan daitekeena laugarren posturako borroka izango da, Elordi-Zabaleta eta Jaka-Imazen artekoa.