Jon GARMENDIA
Idazlea

Infiltrazioa

Etsaiaren infiltrazio estrategia dela argitu dit Elhuyarrek, ura lurrazpira sartzeko prozesua hidrologiak, eta medikuntzak handitutako artikulazioan edo mingarri den zona batean substantzia bat injektatzea, anestesiko gisa. Azken honekin gelditzen naiz, eta, Goya sarien ondoren, buruko pareten artean dudan burrunba lasaitzeko egoki etorriko zaidala. Luzea eta aspergarria egin zitzaidan gala, Cesarrak beste maila batean daudela sarritan aipatzen dut lagunartean, baina Espainiara edo Frantziara begira hain sarri zergatik egon behar dugun aipatzen diot gehiagotan buruari, ez ote den modurik urteroko ospakizun berezi bat sortzeko euskal zinemari lotuta; film luzeen eta laburren sorkuntzan urratsak egin direlako, bai kantitatez eta baita kalitatez ere. Azken honi heldu nahi diot gaur, ezen hain eskasa iruditu zitzaidan «La infiltrada», ulergaitza zaidala saririk lortu izana, ez bada filmaren kontakizunari garrantzia gehiago ematen zaiola beste ezeri baino. Kontatzen duenaren sinesgarritasuna bezala azaltzeko modua maila apalekoak direlako, metrajea da gaindituko duen gutxienekoa, baina ez irudi fotografiko nahiz zinematografikoen saila, gutiago gidoiaren argudioa. Aspaldi utzi genion umemokoak izateari, eta argi dago hemen gatazka politikoari irabazlearen ikuspuntutik heltzea dela oinarria, kalte eta mina egiteko beste aldeari, protagonistei, zapaldutakoei alegia, galtzailearen zama, bizkar gainean eramateaz gain, zauriz beteta eraman dezan. Memoria historikoa deitzen diote, histeriatik gehiago duela ohartzeke.