Dakuwaqa barkamen eske eta Pagesi hogei puntu masailean

Fijiko jokalari Masivesi Dakuwaqa-k, orain arte Biarritz Olympique taldeko hirugarren lerroko jokalaria zenak, «barkamena» eskatu zuen asteartean, “L’Equipe” hedabide frantsesean, urtarril amaieran egindako festa batean bere taldekide Pierre Pagesi masailean kosk egiteagatik. Honek 20 puntu behar izan zituen.
«Beso artean hartu eta ‘barkatu’ esan nahiko nioke», adierazi du Dakuwaqak, zeinak Biarritz Olympiquekin kontratua eten zuen astelehen honetan bertan. «Oso hunkituta nago egin nuenarekin. Barkamena eskatu nahi dizut, zuri eta zure familiari. Nire aurrean izan nahiko nuke bere barkamena erregutzeko», adierazi zion aipaturiko kirol hedabideari 2016an zazpiko errugbian txapeldun olinpikoa izan zenak.
Gertaerak urtarrilaren 31n jazo ziren, gaueko 02.00ak inguruan. Biarritz Olympique taldeko zenbait jokalari saltsa jaialdi batean zeuden Angelun, eta bitartean Pierre Pages ospitalera eraman behar izan zuten masaileko hozkada batengatik. Fijikoa mozkortuta zegoen ezbeharra gertatu zenean. ‘L’Equipe’-k adierazitakoaren arabera, Pagesi 20 puntu eman behar izan zizkioten ospitalean.
30 urteko jokalariak baieztatu du ez duela ezer gogoratzen. «Ez dut ulertzen nola egin ahal izan nuen honelakorik» adierazi eta «garagardo gehiegi» edan zuela onartu du.
«GERTAERA LARRIA»
Masivesi Dakuwaqa iaz iritsi zen Biarritzera urte baterako kontratuarekin eta beste bi aukeran. Gertaera honengatik maiatzaren 30ean epaituko dute Baionako Zigor Auzitegian.
Aferari buruz klubak adierazi zuen «gertaera larria» izan zela. «Bere instalazioetatik kanpo eta klubak antolaturiko edozein ekitalditik kanpo gertaera larri bat gertatu dela baieztatzen du Biarritz Olympiquek. Bigarren jokalari batek egoera lasaitu nahi zuenean gertatu da gertaera, eta hura bortizki erasoa izan da eta zaurituta geratu da, laguntza medikoa behar izanda. Klubak oso serio hartu du gertaera hau eta beharrezkoak diren berehalako neurriak hartu ditu», jakinarazi zuen ohar baten bidez.
Zenbait hedabidek ziotenez, Pierre Pages larriki zauritua izan zen Angeluko diskoteka batean, istilu batean egoera baretu nahi zuenean. Orain jakin da 20 puntu eman zizkiotela Dakuwaqa taldekide ohiak masailan kosk egin ziolako.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
